Moab
1 Honela dio Jaunak:«Moab* 2,1 Moab: Itsaso Hilaren ekialdeko erresuma txikia; Keriot (2. tx.) zen bertako hiri nagusia.herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Edomgo erregearen hezurrak
profanatu baitzituzten,
erraustu eta kare bihurtu;
2 horregatik, su emango diot
Moab lurraldeari,
eta Keriot hiriko jauregiak
irentsi egingo ditu;
guda-garrasi
eta adar-hots artean
hilko dira moabdarrak;
3 berauen mugetatik
kendu egingo dut agintaria,
eta buruzagi guztiak
harekin batera hilko».
Jaunak esan du.
Juda
4 Honela dio Jaunak:«Juda* 2,4 Juda: Hemen hegoaldeko erresuma adierazten du, hiriburutzat Jerusalem duena.herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Jaunak irakatsia gutxietsi baitute,
eta haren aginduak bete ez;
gurasoen sineskeria berberek
desbideratu dituzte judatarrak;
5 horregatik, su emango diot
Juda lurraldeari,
eta Jerusalemgo jauregiak
irentsi egingo ditu».
Israel
6 Honela dio Jaunak:«Israel herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Gizon zuzena
dirutan saltzen baitute
eta behartsua
oinetako pare baten truke;
7 jende xehea
lurreko hautsaren kontra
zapaltzen dute,
eta jende errukarriaren eskubidea
baztertzen.
Aita-semeak
neska bat berarekin* 2,7 neska bat berarekin: Etxe-jopua zatekeen edota emagaldu sakratua.dabiltza,
nire izen santua laidotuz.
8 Behartsuei bahitutako
soineko gainean
etzaten dira edozein kultu-lekutan,
eta bidegabekeriaz bildutako
ardoa edaten dute
beren Jainkoaren etxean.
9 Alabaina,
ene herri hori,
zuri bidea zabaltzeko
nik suntsitu nuen amortarra* 2,9 amortarra: Israeldarrak iritsi aurretik Kanaanen bizi ziren herrietako bat.,
zedroa bezain tantai
eta artea bezain sendo zena;
bota nizkion fruituak gainetik,
eta atera sustraiak azpitik.
10 Nik igoarazi zintuztedan
Egiptotik, eta basamortuan zehar
berrogei urtez gidatu,
amortarren lurraldeaz
jabe zintezten.
11 Profetak sorrarazi nituen
zuen seme-alaben artetik,
eta nazireuak* 2,11 nazireuak: Jainkoari sagaraturiko israeldarrak; ardorik ez edateko hitza ematen zuten (ik. Zen 6,1-8).zuen gazteen artetik.
Ez al da hala, israeldarrok?
Nik, Jaunak, galdegiten dizuet.
12 Baina zuek nazireuei
ardoa edanarazi diezue,
eta profetei
nire mezua ez zabaltzeko agindu.
13 Orain, bada,
nik zapalduko zaituztet,
gari-balaz bete-bete eginiko gurdiak
lurra zapaltzen duen bezala.
14 Bizkorrenak ere
ezin izango du ihes egin,
indartsuena
ezin izango da bere indarraz baliatu,
oldartsua
ez da bizirik aterako.
15 Arkulariak
ez dio bere buruari eutsiko,
oinezkoa ez da bizirik aterako,
ezta zaldizkoa ere.
16 Egun hartan,
gudari lehiatuenak ere
bertan behera utziko ditu armak,
ihes egin ahal izateko».
Jaunak esan du.