JAKINDURIAREN GORAIPAMENA ETA GIZARTE ESKAKIZUNAK (24,1–42,14)

Jakinduriaren goraipamena

1 Jakinduriak bere burua goraipatzen du,
bere herriaren erdian aintzaz beterik agertzen.
2 Goi-goikoaren batzarrean* 24,2 Goi-goikoaren batzarra: Hau da, Israel, Jaunaren elkartea.zabaltzen du ahoa,
Ahaltsuaren aurrean aintzaz beterik agertzen.
3 «Goi-goikoaren ahotik irten nintzen
eta lainoak bezala estali lurra.
4 Zeru goietan nuen egoitza
eta laino-adarraren gainean* 24,4 laino-adar gainean: Ik. Ir 31,21 eta oh.neure tronua.
5 Neuk bakarrik egin dut zeruaren itzulingurua,
neu bakarrik ibili leize-zulo sakonean.
6 Itsasoko uhinen eta lur osoaren gain,
herri eta nazio guztien gain hedatzen zen nire ahala.
7 Alde guztietan ibili nintzen atseden bila,
zein lurraldetan aurkituko ote bizilekua.
8 Orduan, gauza guztien sortzaileak agindua eman zidan,
sortu ninduenak egoitza finkatu,
esanez: “Ezarri zeure egoitza Jakoben herrian,
hartu Israel zeure ondaretzat”.
9 Denbora hasi aurretik sortu ninduen Jainkoak
eta izateari ez diot sekula utziko.
10 Haren aurrean jardun izan dut
egoitza santuan* 24,10 egoitza santuan: Jakinduriak apaiz-funtzioak bereganatzen ditu, lehenik basamortuko santutegian (ik. Ir 25–28), gero Jerusalemgo tenpluan. Ben Sirak apaizgoari (ik. 45,6-25; 50,1-21) eta jainkozko jakinduriaren egintza bezala aurkezten duen kultuari oso atxikia agertzen zaigu.kultugintzan
eta horrela finkatu naiz Sion mendian.
11 Hiri maitean eman dit atseden-leku
eta Jerusalemen dut neure aginpidea.
12 Herri ospetsuan bota ditut sustraiak,
Jaunaren sailean dago nire ondarea.
13 Libanoko zedroa bezala luzatu naiz,
Hermon* 24,13 Hermon: Hemen Palestinaz iparraldeko mendikatea adierazten du Libanok, eta hango gailur nagusia Hermon mendia da.mendietako zipresa bezala.
14 En-Gediko* 24,14 En-Gedi: Itsaso Hilaren mendebaldeko ertzean dagoen oasia.palmondoa bezala hazi naiz,
Jerikoko arrosondoa bezala;
lautadako olibondo mardula bezala,
platanoa bezala luzatu naiz.
15 Kanela eta baltsamo usaintsuak bezala,
mirrarik finenak bezala zabaldu dut lurrina,
galbano, onize eta estaktearen erretxinak bezala,
intsentsu-keak egoitza santuan bezala.
16 Arteak bezala zabaldu ditut adarrak,
adar bikain eta ikusgarriak.
17 Kimu ederrak eman ditut mahatsondoak bezala,
lore eta fruitu bikain eta joriak* 24,17 Eskuizkribu batzuek eranskin ospetsu hau dute: 18 Ni naiz maitasun ederraren, begirunearen, ezagueraren eta itxaropen santuaren ama. Nik, betikotasunean irauten dudan honek, neure burua ematen diet neure seme-alaba guztiei, Jaunak aukeratutako guztiei. Latinezkoak gehitzen du: Niregan dago bidearen eta egiaren dohaina, niregan biziaren eta bertutearen itxaropena (agian Jn 14,6 tx.ean inspiraturiko kristau-txertakuntza da hau)..
19 Etorri niregana irrikatzen nauzuenok,
eta ase ene emaitzez.
20 Eztia baino gozoago da nitaz oroitzea,
abaraska baino gozoago ni ondaretzat hartzea.
21 Jaten nautenak are goseago izaten dira nitaz,
edaten nautenak are egarriago.
22 Nik esana egiten duenak ez du porrot egingo,
nirekin diharduenak ez du bekaturik egingo».

Jakinduria eta legea

23 Jakinduria bat dator
Goi-goiko Jainkoaren ituna dakarren liburuarekin,
Moisesek agindutako legearekin,
israeldarren elkarteei ondaretzat emandakoarekin* 24,23 israeldarren elkarteei: Pluralak sinagogak adierazten ditu agian; sinagoga, erbestealdiaren ondoren oso bizkor bihurtu zen judaismoaren oinarrizko erakunde, Palestinatik kanpo, batez ere. // emandakoarekin: Eskuizkribu batzuek eransten dute: 24 Indartu etengabe Jaunarengan, atxiki zakizkiote berari, berak sendotu ahal izan zaitzaten. Jaun ahalguztiduna Jainko bakarra da eta, beraz aparte, ez da salbatzailerik..
25 Legeak jakinduria dakar gainezka
Pixon* 24,25 Pixon: Hemen gogorarazitako ibaiak Has 2,11-14 pasarteko kontaketakoak dira (ik. bertako oh.).ibaiak ura bezala,
fruitu berrien garaian Tigrisek bezala;
26 buruargitasunez betetzen Eufratesek bezala,
Jordanek uztaroan bezala;
27 irakaspena uholdeka dakar Nilok bezala* 24,27 Nilok bezala: Sirierazko itzulpen zaharraren arabera; grekozkoak argiak bezala dio.,
mahatsa biltzeko egunetan Gihonek bezala.
28 Ezin du inork jakinduria erabat ezagutu,
ez da sortu hura barreneraino aztertuko duenik.
29 Haren pentsamendua itsaso zabala baino zabalago,
asmoak leize handia baino sakonago.
30 Eta ni* 24,30 Eta ni: Autoreak bere buruari aplikatzen dizkio aurreko irudiak, jakinduriaren urak besteengana bideratzen dituen ubidetzat hartzen duelarik bere burua.ubidea naiz,
ibaitik ura hartu eta baratzera daramana.
31 Hau nioen: «Neure lorategia ureztatu behar dut,
neure lore-saila urez bete».
Eta horra nire ubidea ibai bihurtua eta ibaia itsaso.
32 Nire irakaspenak egunsentiak bezala egingo du argi,
oso urrutira iritsaraziko dut haren distira.
33 Profeta gisa isuriko ditut neure irakatsiak
eta ondorengo belaunaldiei utziko.
34 Begira, ez naiz neuretzat bakarrik nekatu,
jakinduriaren bila dabiltzan guztientzat baizik.