81. (80.) SALMOA

Herriari deia Etxola Jaiaren ospakizunean

1 Koru-zuzendariarentzat. «Dolareak» doinuan* 81,1 «Dolareak» doinuan: Ik. 8,1 oh.. Asafen salmoa.
2 Egin poz-oihu Jainkoari, gure indarrari,
egin irrintzi Jakoben Jainkoari!
3 Ekin soinuari, jo danbolina, zitara gozoa eta harpa.
4 Jo turuta ilargi berrian,
eta ilargi beteko gure jaiegunean* 81,4 jaiegunean: Ilargi-egutegiari jarraituz, hilaren lehen eguna jai egiten zen (ik. Zen 28,11-15; Am 8,5); zazpigarren hilaren lehen eguna urtearen hasieratzat jotzen zen (ik. Lb 23,24; Zen 29,1); hurrengo ilbetean Etxola Jaia ospatzen zen (ik. Lb 23,34; Zen 29,12)..
5 Horixe da Israelen legea, Jakoben Jainkoak erabakia,
6 Joseren familiari ezarritako araua Egiptotik irten zenean.
Mintzo ezezaguna entzuten dut* 81,6 Mintzo ezezaguna entzuten dut: Segur aski liturgi giroan Jainkoaren mezua gaurkotzeko eta batzarraren arreta pizteko ezarritako hitzak ditugu.:
7 «Bizkarretik zama kendu nizun,
zure besoak lan astunetatik askatu.
8 Zapaldurik zeundela, deiadar egin zenidan,
eta libratu zintudan.
Ekaitzaren erditik erantzun nizun,
Meribako iturrian probatu ninduzun arren* 81,8 Meribako… arren: Honela ere itzul daiteke: Meribako iturrian probatu zintudan..
9 «Entzun, ene herri, ohar degizut!
Behingoz entzungo al didazu, Israel:
10 Ez izan zeure baitan beste jainkorik,
ez dezazula adora jainko arrotzik.
11 Neu naiz Jauna, zure Jainkoa, Egiptotik atera zintuena.
Ez duzu ahoa zabaldu besterik, eta aseko zaitut.
12 «Baina nire herriak ez zidan kasurik egin,
Israelek ez zuen nirekin ezer nahi.
13 Orduan, zapuztu egin nuen bere burugogorkeriagatik:
bizi zedila bere gogara.
14 «Ai neure herriak entzungo balit!
Ai Israel nire bidetik balebil!
15 Bat-batean makurtuko nituzke haren etsaiak,
zapaltzaileen aurka besoa altxatuko.
16 Azpian jarriko nizkioke gorroto didatenak:
horra hauen zoria betiko* 81,16 Bigarren lerroko testua ez da erabat argia..
17 Neure herria garirik onenaz janarituko nuke,
eztirik gozoenaz aseko».