26. (25.) SALMOA

Errugabearen otoitza

1 Davidena.
Egidazu justizia, Jauna, nire jokaera prestua baita.
Sendo eutsi diot zureganako konfiantzari.
2 Azter nazazu, Jauna, proba nazazu,
ikertu nire buru-bihotzak.
3 Begi aurrean dut beti zure maitasuna
eta leial jokatu dut zurekiko;
4 ez naiz gezurtien mahaikide izan,
ez eta itxuratiekin batera ibili;
5 gorroto dut gaizkileen lagunartea,
ez naiz gaiztoen mahaikide izan.
6 Errugabe naizela agertzeko eskuak garbiturik,
zure aldarea inguratzen dut, Jauna,
7 zure gorespena ozenki hots eginez,
zure egintza miragarriak kontatuz.
8 Maite dut, Jauna, zu bizi zaren tenplua,
zure aintzaren egoitza.
9 Ez nazazu egin bekatarien zori bereko,
ez nazazu bihur hiltzaileen kideko,
10 eskuak makurkeriaz eta eskupeko diruz beteak
dituzten horien kideko.
11 Nire jokabidea, berriz, prestua da:
aska nazazu, erruki zakizkit!
12 Tinko ezarriak ditut oinak;
Jauna bedeinkatuko dut batzarrean.