Benetako ikasleak

(Lk 13,25-27; 6,46-49)

21 «Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin. 22 Epai-egunean askok esango didate: “Jauna, Jauna! Ez ote genuen zure izenean hitz egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?” 23 Baina nik erantzungo diet: “Ez zaituztet inoiz ezagutu; alde niregandik, gaizkileok!” 24 «Beraz, nire hitz hauek entzun eta betetzen dituena, etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zuhurraren antzekoa da. 25 Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; baina ez zen erori, oinarriak harkaitzean zituelako. 26 Nire hitz hauek entzun bai, baina betetzen ez dituena, ordea, etxea hondar gainean eraiki zuen gizon zentzugabearen antzekoa da. 27 Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; eta erori egin zen eta dena hondatua gelditu».