Jainkoaren erreinuko familia berria (3,7-35)
Jesusi jende-taldea bildu
(Mt 4,25; 12,15-16; Lk 6,17-19)
7 Jesus aintzira-bazterrera joan zen bere ikasleekin. Galileatik etorritako jendetza handiak jarraitu zion. 8 Eta berak egiten zituenak entzunik, Judea, Jerusalem, Idumea, Jordanez bestalde eta Tiro eta Sidon* 3,8 Idumea: Judeatik hegoaldera zegoen jentil-herrialdea. // Tiro eta Sidon: Feniziako hiriak, Mediterraneo itsasertzean.aldetik ere jende-talde handia bildu zitzaion. 9 Hark txalupa prest edukitzeko agindu zien ikasleei, hainbeste jenderen artean zapal ez zezaten. 10 Izan ere, asko zituen sendatuak, eta gaitzen bat zuten guztiak gainera zetozkion ukitu nahiz. 11 Espiritu gaiztoek, ikusten zuteneko, haren oinetara jausi eta ozenki esaten zioten: «Jainkoaren Semea zara zu». 12 Hark, ordea, zorrotz agintzen zien, ez zezatela ezagutzera eman.