1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16

Nekazari hiltzaileen parabola

(Mt 21,33-46; Lk 20,9-19)

1 Jesus parabola bidez hitz egiten hasi zitzaien: «Gizon batek mahastia landatu zuen eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen. 2 Bere garaian, morroi bat bidali zien nekazariei, mahastiaren fruitutik zegokion partea jasotzera. 3 Baina haiek morroia hartu, jo eta esku-hutsik bidali zuten. 4 Berriro beste morroi bat bidali zien; hau ere buruan zauritu eta irainez bete zuten. 5 Beste bat ere bidali zien geroago, eta hil egin zuten. Ondoren, beste asko, eta batzuk jo eta besteak hil egin zituzten. 6 Bazuen oraindik beste norbait, bere seme maitea; eta huraxe bidali zien azkena, honela pentsatuz: “Neure semeari bederen izango diote begirune”. 7 Nekazariek, ordea, esan zuten beren artean: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta mahastiaren jabe izango gaituk!” 8 Hartu, hil eta mahastitik kanpora bota zuten. 9 «Zer egingo ote du mahasti-jabeak? Joan eta garbitu egingo ditu langile horiek, eta mahastia beste batzuen esku utziko. 10 Ez al duzue irakurri Liburu Santuetako hura:
«Etxegileek bazterturiko harria
giltzarri gertatu da.
11 Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri?»
12 Lege-maisu eta zaharrak Jesus atxilotu nahian zebiltzan, ongi jabetu baitziren beraiengatik esan zuela parabola hura. Baina, jendearen beldurrez, utzi eta alde egin zuten.