Ikasleen aurrean ezaugarriak eta Hamabien bidalketa (8,22–9,17)

Jesusek ekaitza baretu

(Mt 8,23-27; Mk 4,35-41)

22 Egun batez, Jesus ontzi batera igo zen bere ikasleekin eta esan zien: «Goazen aintziraz beste aldera». Eta ontziz atera ziren. 23 Zihoazela, loak hartu zuen Jesus. Aintziran haize-bolada sortu zelarik, ontzia urez betetzen ari zitzaien eta arriskuan zeuden. 24 Ikasleek, Jesusengana hurbildurik, esnarazi egin zuten, esanez: –Maisu, Maisu! Galzorian gaude! Hark, esnaturik, haserre egin zien haizeari eta olatuei; hauek oneratu eta dena bare gelditu zen. 25 Orduan, esan zien ikasleei: –Non da zuen sinesmena? Haiek, beldurrez eta harriturik, elkarri ziotsaten: «Nor ote dugu hau, haizeari eta urari ere agindu eta esana egiten baitiote?»