JERUSALEM ETA JUDAKO BIZILAGUNENTZAT MEZUAK (2,1–20,18)

Maitasunezko iragana oroituz

1 -2 Jaunak bidali ninduen Jerusalemgo jendeari bere mezu hau hots egitera:
«Gogoan dut, Israel,
nola maite ninduzun gazte zinenean,
gogoan zure ezkongaietako
maite-laztana:
nola ibili zinen nire ondoren
basamortuan, erein gabeko lurrean.
3 Nirea zinen oso-osorik* 2,3 Nirea zinen oso-osorik: H.h., Jaunarentzat sagaratua zen Israel.,
uztaren lehen emaitzak
nireak diren bezala.
Kalte egiten zizutenak
neuk zigortzen nituen:
zoritxarra zetorkien gainera.
Nik, Jaunak, esana».

Israelen hasierako bekatuak

4 Entzun Jaunaren hitza, Jakoben ondorengook, Israelgo leinu guztiok. 5 Hau dio Jaunak:
«Zertan huts egin nien
zuen arbasoei,
haiek niregandik aldentzeko?
Hutsaren atzetik* 2,5 Hutsak idoloak adierazten ditu (ik. 10,14-15; 16,19).ibili ziren,
hutsaren hurrengo bihurtu dira.
6 Ez ziren nitaz arduratu.
Nik, Jaunak, Egiptotik atera nituen
eta basamortuan zehar gidatu,
lur lehor eta malkar horretan,
arriskuz beteriko lur ilunean,
inor igarotzen ez den
eta itzulbiderik ez duen lurrean.
7 Baratze mardulean sartu nituen,
hango fruitu zoragarriak jan zitzaten.
Baina haiek, bertara iristean,
kutsatu egin zuten nire lurraldea,
higuingarri bihurtu nire ondarea.
8 Apaizek ez dute galdetu:
“Non da Jauna?”
Lege-maisuek ez naute aintzat hartu,
buruzagiak* 2,8 Lege-maisuak: Apaizak, hauei baitagokie herriari legea irakasteko erantzukizuna. // buruzagiak: H.h., artzainak; herri-agintariak, bereziki erregeak, adierazten dituen titulua.kontra jaiki zaizkit,
profetek Baalen izenean
hitz egin dute,
ezertarako ez diren idoloen ondoren
joan dira.

Jauna Israelekin auzitan

9 «Horregatik, hau diot nik, Jaunak:
Auzitan hasi nahi dut berriro zuekin
eta auzitan ariko naiz
zuen ondorengoekin ere.
10 Zoazte Mediterraneoko uharte
eta itsasertzera, eta ikus,
bidali norbait Kedar-era* 2,10 Mediterraneoko… itsasertzera: H.h., Kitim-era; izen honek Zipre adierazten du batez ere, baina askotan Mediterraneoko beste uharte eta itsasertzeko herriak ere adierazten ditu. // Kedar: Ipar Arabiako herri nomada.
eta ohartu ongi:
gertatu ote da inon horrelakorik?
11 Herri batek ez ditu
jainkoak aldatzen
–horiek benetako jainkoak
ez direla, gainera–.
Neure herriak, ordea,
zapuztu egin nau ni,
bere egiazko aintza nauen hau,
eta ezertarako ez diren
idoloez ordezkatu.
12 Txundi zaitezte, beraz, zeruok!
Izu zaitezte eta ikaratu!
Hala diot nik, Jaunak.
13 Bi gaiztakeria egin ditu
nire herriak:
bazterrera utzi naute ni,
ur biziaren iturria,
eta putzuak egin dituzte,
urari eusteko gauza ez diren
putzu pitzatuak.

Zentzabide mingarria

14 «Israel ez da izatez esklabo,
ezta esklabo-seme ere.
Zergatik bihurtu da, bada,
besteren harrapakin?
15 Haren kontra egiten dute garrasi,
lehoiek bezala orro;
lurraldea hondamen bihurtu diote
eta hiriak kiskali,
bizilagunik gabe utziz.
16 Menfis eta Tafneskoek* 2,16 Menfis: Egiptoko antzinako hiriburua. // Tafnes: Niloko deltaren ekialdeko hiri gotorra.ere
burezurra apurtu diote.
17 «Ez ote hau guztia, Israel,
bidean gidatu zintuen Jauna,
zeure Jainkoa,
baztertu duzulako?
18 Zergatik zoaz, bada, orain Egiptora,
Niloko urak edatera?
Zergatik Asiriara,
Eufratesko urak edatera?
19 Zeure gaiztakeria izango duzu zigor,
zeure desleialkeria zentzabide.
Kontura zaitez eta ikasi
zein gogorra eta garratza den
Jauna, zeure Jainkoa, baztertzea,
nireganako begirunerik ez izatea.
Nik, Jaun ahalguztidunak, esana.

Jaunak Israelen arrazoiak gezurtatu

20 «Aspaldidanik duzu
hautsia uztarria,
aspaldidanik etenak
nirekiko lokarriak;
esan duzu:
“Ez dut gehiago esklabo izan nahi”.
Edozein mendi-gailurretan,
edozein zuhaitz handiren azpian,
etzaten zinen prostituziorako* 2,20 prostituzioa: Herriaren Jainkoarekiko desleialtasuna, hots, idolatria, adierazteko profetek erabiltzen duten irudia (ik. Os 1,2 oh.). Kanaandar kultuek prostituzio sakratuaren praktika zeramaten maiz berekin eta muino eta oihanetan egin ohi ziren (ik. 3,6.13; Is 1,29 oh.)..
21 Neuk landatu zintudan
mahatsondo jatorrez,
mahasti* 2,21 mahastia: Herri hautatuaren sinboloa (ik. Is 5,1 oh.).bikain izateko.
Nolatan bihurtu zara
fruitu garratzeko sasimahasti?
22 Nahiz eta zeure burua
xaboiz eta lixibaz garbitu,
ez da nire begi aurretik aldentzen
zure bekatuaren zikina.
Hala diot nik, Jainko Jaunak.
23 «Nolaz ausartzen zara esaten:
“Ez naiz kutsatu,
ez naiz Baalen idoloen
ondoren ibili”?
Ikus zeure urratsak haranean* 2,23 haranean: Segur aski, Ben-Hinom edo Gehenna harana; Jerusalem mendebalde eta hegoaldetik inguratzen zuen, eta kultu paganoak egiten ziren bertan.
eta aitortu zeure jokabidea;
harat-honat dabilen
gamelukume kaskarinaren
antzeko zara,
24 basamortuan hazitako
asteme basatiaren antzeko:
beroaldian nork baretu
horren irrika?
Nekerik ez horren bila dabilenak,
beti aurkitzen baitu prest.
25 Geldi, Israel!
Oinutsik ibili beharko duzu bestela,
eztarria egarriak lehorturik.
Zuk, ordea, “Alferrik da –diozu–,
jainko arrotzak maite ditut
eta haien ondoren joango naiz”.

Israelek zigorra merezi

26 «Lapurretan harrapatua
lotsatu egiten den bezala,
halaxe lotsatuko dira israeldarrak,
herria eta erregeak,
buruzagiak, apaizak eta profetak.
27 Egur-puska bati esaten diote:
“Zeu zara nire aita”;
harriari: “Zeuk nauzu sortu”.
Bizkarra ematen didate,
ez aurpegia;
zoritxar-egunean, ordea,
“Zatozkigu salbatzera” diote.
28 Judako jende horrek,
non dituzu zeuk egindako jainkoak?
Datozela zoritxar-egunean
zu salbatzera.
Hiriak bezainbat jainko izan dituzu.
29 Zergatik nahi nauzue salatu,
zeuek izanik nire aurka altxatuak?
Hala diot nik, Jaunak.
30 Alferrik zigortu ditut
zuen seme-alabak,
ez baituzue* 2,30 ez baituzue: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazkoak ez baitute (seme-alabek) dakar.eskarmenturik hartu.
Zeuek hil dituzue profetak ezpataz,
lehoi amorratuak bezala.
31 (Zuek, orain bizi zaretenok,
entzun arduraz Jaunaren hitza* 2,31 Dei hau, seguruen, Jainkoaren hitzaren gaurkotasuna azpimarratzeko erantsia da.).
Israel, eremu soil
bihurtu ote naiz zuretzat?
Ala beti ilunpe beltzean
dagoen lurralde?
Zergatik diote nire herritarrek:
“Nahi duguna egingo dugu,
ez gatzaizkizu inoiz ere itzuliko?”
32 Ahantz ote daiteke
neskatxa bere bitxiaz,
andregaia bere ezkontza-soinekoaz?
Nire herria, berriz,
ahaztua dago nitaz
aspaldi luzean.
33 Zein ederki dakizun
maitaleen etxerako bidea!
Zein maisu zaren
gaiztakeriarako bidean!
34 Zikinduta dauzkazu jantziak
behartsu eta errugabeen odolez;
ez da, ez, hormak zulatzen
harrapatutako lapurraren odola* 2,34 lapurraren odola: Ir 22,1 tx.eko legearen arabera, zilegi zen horma zulatzen harrapaturiko lapurra hiltzea. Ez da hori Jerusalemgo jendearen kasua..
Guztiarekin ere,
35 errugabea zarela diozu,
Jauna ez dagoela inola ere
zurekin haserre.
Hara, epaitu egingo zaitut,
huts egin ez duzula esaka ari zarelako.
36 Zein arin aldatzen zaren bidez!
Asiriak huts egin zizun bezalaxe
huts egingo dizu Egiptok ere.
37 Hemendik ere lotsaz irtengo zara,
eskuak buruan dituzula.
Izan ere, nik, Jaunak,
mespretxatu egiten ditut
zure konfiantza-euskarriak;
ez duzu horiekin ezer onik lortuko».