Ezekiasek Isaias profetari galde

(2 Erg 19,1-7)

1 Ezekias erregeak ere, hori entzutean, jantziak urratu zituen eta, doluz jantzirik, Jaunaren etxera jo zuen. 2 Eta Amotzen seme Isaias profetagana bidali zituen Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta apaizik zaharrenak, doluz jantzirik, 3 esatera: «Hau dio Ezekiasek: Larritasun-, zigor- eta lotsa-eguna dugu gaurkoa. Haurra izateko zorian eta egiteko indarrik gabe dagoen emakumearen antzeko gara. 4 Jainko bizia laidotzera bidali du Asiriako erregeak bere ordezkari nagusia. Entzungo al zituen Jaunak, zure Jainkoak, hark esan dituen irainak, eta zigortuko al du, entzun behar izan dituen irain guztiengatik! Eta zuk egizu otoitz oraindik bizirik dirautenen alde». 5 Hala, joan ziren Ezekias erregearen funtzionarioak Isaiasengana. 6 Isaiasek erantzun zien: «Emaiozue zeuen nagusiari Jaunaren mezu hau: “Ez beldurtu entzun dituzun hitzengatik; ni iraintzeko esan dituzte halakoak Asiriako erregearen ofizial horiek. 7 Hara, zurrumurruren bat helaraziko diot eta, orduan, bere lurraldera itzuliko da. Han hil egingo dute ezpataz”».

Senakeribek berriro mehatxatu

(2 Erg 19,8-13)

8 Ordezkari nagusiak, itzultzean, jakin zuen Asiriako erregea Lakixtik joana zela Libna hiriari erasotzera; eta han aurkitu zuen. 9 Handik, Etiopiako errege Tirhaka borrokatzeko asmoz zetorkiola jakin zuelarik, Senakeribek mezulariak bidali zizkion berriro Ezekiasi, 10 Judako erregeari, esatera: «Ustea berarengan duzun arren, ez zaitzala engaina zeure Jainko horrek, Jerusalem nire eskuetan ez dela eroriko esaten badizu ere. 11 Zeuk entzun duzu zer egin dieten Asiriako erregeek herrialde guztiei: erabat hondatu. Eta zu libratuko zarelakoan al zaude? 12 Nire aurreko erregeek Gozan, Harran, Retzef eta Telasarren bizi ziren edendarrak hondatu zituztenean, libratu al zituzten beren jainkoek? 13 Non dira Hamateko, Arpadeko, Lairreko, Sefarbaimgo, Henako eta Ibako erregeak?»

Ezekiasen otoitza

(2 Erg 19,14-19)

14 Hartu zuen Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik eta, irakurri ondoren, Jaunaren etxera joan zen eta, gutuna Jaunaren aurrean zabaldurik, 15 honela egin zion otoitz: 16 «Jaun ahalguztiduna, Israelen Jainkoa, hegaldun izakien arteko tronuan eseria zauden hori, zu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zuk eginak dira zeru-lurrak. 17 Itzul belarria niregana, Jauna, eta entzun. Zabal begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun nolako irainak zuzendu dizkizun Senakeribek zuri, Jainko bizi horri. 18 Egia da, bai, Jauna, Asiriako erregeek birrindu egin dituztela herriak eta berauen lurraldeak, 19 eta suari eman dizkiotela berauen jainkoak; ez baitziren jainko, zurezko nahiz harrizko irudi hutsak baizik, giza eskuek eginak. Horregatik xehatu ahal izan dituzte. 20 Zuk, ordea, Jauna, gure Jainko horrek, salba gaitzazu Senakeriben eskuetatik. Horrela, lurreko erreinu guztiek jakingo dute, Jauna, zu bakarrik zarela Jainko».

Isaiasek Ezekiasi Jaunaren erantzuna adierazi

(2 Erg 19,20-34)

21 Amotzen seme Isaiasek honako mezu hau bidali zion Ezekiasi: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Aditu dut Asiriako errege Senakerib dela-eta egin didazun otoitza. 22 Hona hemen zer diodan haren aurka:
«Mespretxu eta barre degizu,
Senakerib,
Sion neska gazte ederrak;
buruaz keinuka ari zaizu atzetik
Jerusalem hiri ederra.
23 Nori egin diozu irain eta iseka?
Noren aurka jaso duzu ahotsa
eta altxatu begiak harro?
Nire aurka,
Israelgo Jainko santuaren aurka!
24 Ni, Jaun hau, iraindu nauzu
zeure mezularien bidez.
Zera esan duzu:
“Neure guda-gurdi ugariei esker
mendi-gailurretara igo naiz,
Libanoko tontor hurbilgaitzetara.
Hango zedrorik tantaienak
eta zipresik bikainenak bota ditut.
Tontorrik garaienetara
eta basarterik itxienetara heldu naiz.
25 Atzerrietan* 37,25 Atzerrietan: Qumrango eskuizkribu nagusiaren eta 2 Erg 19,24 tx.aren arabera erantsia.putzuak zulatu ditut
eta bertako ura edan;
hankapean zapalduz
lehortu egin ditut
Egiptoko ubide guztiak”.
26 Baina ez al dakizu, Senakerib,
aspalditik neuk prestatua nuela,
antzinatik neuk erabakia
orain burutzen ari naizen hau?
Horregatik bihurtu dituzu
hiri gotorrak zabor-pila.
27 Haietako bizilagunak
indarrik gabe,
ikaraturik eta burumakur
utzi dituzu,
larre-belarra bailiran,
hazi baino lehen ihartua.
28 Badakit zure egintzen
eta nondik norako guztien berri;
badakit noiz zauden
amorru bizitan nire kontra.
29 Nire kontra amorruz zaudelako
eta zure harrokeria
nireganaino iritsi delako,
sudurrekoa eta ahokoa
ezarriko dizkizut,
etorri zaren bidetik itzularazteko».
30 Ondoren, hau esan zion Isaiasek Ezekiasi* 37,30 Ondoren… Ezekiasi: Hitz hauek ez daude jatorrizkoan; argitasunagatik ezarri dira.:
«Hauxe izanen duzu ezaugarri:
aurten, alorrean utzitako hazitik
sortua jango duzu;
datorren urtean,
bere kasa erneko dena;
baina hurrengo urtean
erein ahal izango duzue
eta uzta bildu,
mahatsondoak landatu
eta mahatsa jan.
31 Judako erreinuan bizirik geldituak,
lurrean sustraiak botatzen
eta adarretan fruituak
ematen dituzten
zuhaitz izango dira berriro.
32 Izan ere, bakar batzuk
bizirik geldituko dira Jerusalemen,
onik aterako Sion mendian.
Jaun ahalguztidunaren
maitemin sutsuak egingo du hori!
33 «Hau dio Jaunak
Asiriako erregeari buruz:
“Ez da hiri honetan sartuko,
ez dio gezirik jaurtiko,
ez ezkutuen babespean erasoko,
ez hiria hartzeko betelanik egingo.
34 Etorri den bidetik itzuliko da;
ez da sartuko hiri honetan.
Hala diot nik, Jaunak.
35 Neuk gerizatuko dut
eta salbatuko hiri hau,
naizena naizenagatik
eta neure zerbitzari Davidengatik”».

Asiriarrak ihesi

(2 Erg 19,35-37)

36 Gau hartan bertan* 37,36 Gau hartan bertan: Hitz hauek 2 Erg 19,35 tx.etik hartzen ditugu, ez baitaude gure testuan, baina kontakizunaren jarraipenak eskatzen ditu (ik. segidan: biharamun goizean)., Jaunaren aingeruak ehun eta laurogeita bost mila gizon jo eta hil zituen asiriarren kanpalekuan; denak hilda aurkitu zituzten biharamun goizean, jaiki zirenean. 37 Asiriako errege Senakerib, orduan, guda-etxolak jaso eta Ninivera itzuli zen eta bertan gelditu. 38 Egun batez, bere jainko Nisrok-en jauretxean ahuspeztua zegoelarik, Adramelek eta Saretzer bere semeek ezpataz jo eta hil egin zuten; gero, Ararat inguruko lurraldera egin zuten ihes hiltzaileek. Beste seme bat, Asarhadon, izan zen hurrengo errege.