Egiptorengan ustea dutenen aurka

1 Zoritxarrekoak laguntza eske
Egiptora doazenak!
Beren zaldietan dute konfiantza,
guda-gurdi asko
eta zaldun ugari dutelako dira fio.
Israelen Jainko santuari, berriz,
begiratu ere ez;
Jaunak ez die axola.
2 Baina bera ere trebea da
zoritxarra ekartzen
eta ez du bere hitza jaten.
Gaizkileen aurka altxatuko da,
eta lagun dituztenen aurka.
3 Egiptoarrak gizaki dira, ez jainko,
haien zaldiak hezur eta mami huts,
ez espiritu.
Luzatuko du Jaunak eskua,
eta babeslea nahiz babestua
biak eroriko dira,
biak batera galduko.

Jaunak Jerusalem zainduko

4 Jaunak hau esan dit:
«Lehoiak nahiz lehoikumeak
orro eginez
erasotzen dio harrapakinari,
eta ez dute beldurtzen
aurka datorkion
artzain-taldearen oihuek,
ez eta uzkurrarazten
haien zalapartak.
Halaxe etorriko da
Jaun ahalguztiduna
Sion mendira, bere mendira,
borrokara.
5 Txoriak, hegoak zabaldurik,
habia zaindu ohi duen bezala,
halaxe zainduko du Jerusalem
Jaun ahalguztidunak;
zainduko du eta askatuko,
barkatu eta salbatuko».
6 Israeldarrok,
itzul zaitezte Jaunarengana,
oso urrutira
aldendu baitzarete berarengandik.
7 Orduan,
denok baztertuko dituzue
zilar eta urrezko jainko-irudiak,
zeuen esku bekatariz eginak.
8 Asiria ezpataz joa eroriko da,
baina ez gizakiari esker;
ezpatak garbituko du,
baina ez giza indarrez.
Ezpatak ihes eragingo die,
gudaririk onenak
lan behartuetarako
hartuko dizkiote.
9 Erregeak ihes egingo du beldurrez,
gudalburuek
bandera bertan utziko* 31,9 Erregeak: H.h., Haren harkaitzak; erregea adierazteko irudia. // bandera bertan utziko: Edo banderaren aurrean ihes egingo, hau da, Jaunak altxaturiko banderaren aurrean., ikaraz.
Hala esan du Jaunak,
etsaiak zigortzeko sua Sionen
eta labea Jerusalemen duenak.