1 2 3

Apalei deia

1 Bil zaitezte, gogoemazue,
jende lotsagabea,
2 egun batean galtzen den
gari-hautsa bezala
sakabanatuak izan baino lehen* 2,2 sakabanatuak izan baino lehen: Testu zuzendua. Hebreerazkoak hau dio: erabakia sortu baino lehen.,
Jaunaren haserre-sumina
zuen gainera jausi baino lehen,
bai, Jaunaren haserre-eguna
zuen gainera jausi baino lehen.
3 Eta zuek denok, lurraldeko apalok,
Jaunaren aginduak
betetzen dituzuenok,
bila ezazue Jauna.
Bilatu zuzentasuna,
bilatu apaltasuna.
Eta babesa aurkituko duzue agian
Jaunaren haserre-egunean.

ISRAEL INGURUKO HERRIEN AURKA (2,4-15)

Filistearrak mendebaldean

4 Gaza hiria bertan behera utzia
izango da, Axkelon erraustua.
Axdodeko bizilagunak
egun-argitan
jaurtiko dituzte hiritik,
Ekrongoak errotik aterako.
5 Zoritxarrekoak zuek,
itsasaldean bizi zaretenok,
Kretatik etorritako herri hori!
Hona zer dioen Jaunak zure aurka:
«Kanaan, filistearren lurralde hori,
erabat galduko zaitut,
inor bizirik utzi gabe.
6 Zuen itsasaldea
larre-toki bihurtuko da,
artzainen putzu- eta eskorta-leku.
7 Judan bizirik geldituak
jabetuko dira itsasaldeaz,
han larratuko dituzte
beren artaldeak,
eta Axkelongo etxeak
izango dituzte gauez etzaleku».
Izan ere, Jainko Jaunak
haien alde jokatuko du
eta zoria aldatuko die.

Moabdarrak eta amondarrak ekialdean

8 Honela dio Jaun ahalguztidunak,
Israelgo Jainkoak:
«Entzun ditut moabdarren irainak,
amondarren erdeinu-hitzak.
Nire herria iraindu dute,
nire lurraldea mespretxatu
9 Horregatik –ala ni bizi!–
Sodomarena bera gertatuko zaio
Moabi,
eta Gomorrarena amondarrei:
sasiarte eta gatzaga
eta hondamendi bihurtuko dira.
Nire herrian bizirik geldituek
harrapaka erasoko diete
Moabi eta Amoni
eta bertako jabe bihurtuko dira».
10 Horra beren harrokeriagatik
jasoko duten zigorra,
Jaun ahalguztidunaren herria
iraindu baitute eta gutxietsi* 2,10 gutxietsi: Gehienetan haren lepotik hazi ziren itzuli ohi da..
11 Beldurgarri gertatuko zaie Jauna:
lurreko jainko guztiak
ezereztuko ditu,
eta herri guztiek gurtuko dute,
baita urrutienekoek ere* 2,11 herri guztiek… baita urrutikoenek ere: H.h., nazioen uharte guztiek; Biblian, urrutiko lurralde eta herrien irudi dira uharteak (ik. Is 11,11; 41,5).,
nork bere lurraldean.

Etiopiarrak hegoaldean, asiriarrak iparraldean

12 Zuek ere, etiopiarrok* 2,12 etiopiarrak: Hebreeraz, kuxtarrak; Egipto beren menpean zeukaten garai hartan.,
Jaunaren ezpatak
jo eta hilko zaituzte.
13 Iparraldearen aurka
luzatuko du eskua Jaunak:
Asiria erabat galduko du
eta Ninive* 2,13 Ninive: Asiriar inperioaren hiriburua, etsairik handienaren irudia.hondamendi bihurtuko,
basamortua bezain gorri.
14 Haren barruan izango dute etzaleku
artalde eta mota guztietako
abereek.
Hango zutabeburuetan
emango dute gaua
hontzak eta trikuak.
Leiho eta ateburuetan
karranka egingo du beleak.
Zedrozko oholeria
gorri agertuko da* 2,14 Zenbait ukituz zuzenduriko testua; hebreerazkoa ez da argia..
15 Horra hor lasai bizi zen hiri harroa,
ustez inor baino handiago zena!
Horra nola den hondamendi
eta piztia-zulo bihurtu!
Ondotik igaroko zaizkion guztiek
iseka egingo diote
txistuka eta esku-keinuka.