Aberatsaren eta bekatariaren harrokeria

1 Ez oinarritu aberastasunetan,
ez esan: «Ez dut beste ezeren beharrik!* 5,1 Ez dut beste ezeren beharrik: H.h., Aski dut horiekin; esaldi honek ez du esan nahi daukanarekin konforme dagoela, aberastasuna bereganatzeaz bakarrik arduratzen dela baizik.»
2 Ez zaitzatela irrikak eta indarrak
zeure bihotzaren grinak jarraitzera eraman.
3 Ez esan: «Nor nire gain?»,
benetan Jaunak zigortu egingo zaitu eta.
4 Ez esan: «Bekatu egin eta ez zait ezer gertatu»;
bai, hori Jauna eroapen handikoa delako da;
5 baina ez zaitez barkamenaz hain seguru egon
bekatua bekatuaren gain pilatzeko.
6 Ez esan: «Handia da haren gupida,
barkatuko dizkit neure bekatu ugariak»,
errukiorra eta, era berean, haserrekorra baita hura,
eta eroraraziko du bekatariengana bere sumina.
7 Itzuli Jaunarengana luzatu gabe,
ez ibili gerotik gerora,
bat-batean iritsiko baita Jaunaren haserrea
eta ezereztua izango zara zigor-egunean.
8 Ez oinarritu bidegabekeriazko* 5,8 bidegabekeriazko: Honela ere itzul daiteke: itxura hutsezko/engainagarri.aberastasunetan,
ez dizute ezertarako balioko ezbeharrean.

Jakintsuaren hizketa

9 Ez haizeratu laborea edozein haizetara,
ez abiatu edozein bidexkatatik:
horixe egiten du mihi biko bekatariak.
10 Eutsi tinko pentsatzen duzunari
eta hitz egin argi eta garbi* 5,10 hitz egin argi eta garbi: H.h., izan bedi bakarra zure hitza..
11 Egon beti prest entzuteko,
baina ez ibili presaka erantzuteko.
12 Iritzirik baduzu, erantzun lagunari;
eduki bestela ahoa itxirik.
13 Ohorea edo desohorea ekar lezake hizketak,
hondamendi gerta lekioke gizakiari mihia.
14 Ez zeureganatu gaizki-esalearen izenik
eta ez jarri lakiorik inori zeure mihiaz;
lapurrari lotsa etortzen zaion bezala,
gaitzespen zorrotza mihi bikoari* 5,14 lapurrari… mihi bikoari: Hebreerazkoak dio: lotsa lapurrarentzat sortua da, eta lagun hurkoaren mespretxua mihi bikoarentzat..
15 Ihes egin hutsegiteetatik, handi nahiz txikietatik.