1 Gobernari jakintsuak bere herria hezten du,
ongi finkatua dago zentzudunaren aginpidea.
2 Nolakoa herri-gobernaria, halakoak haren ministroak;
nolakoa herri-buruzagia, halakoak biztanleak.
3 Errege gaizki hezia herriaren hondamendi;
agintarien zentzu onaz eraikitzen da hiria.
4 Jaunaren esku dago munduaren gobernua,
garai bakoitzean komeni den buruzagia sorrarazten du.
5 Jaunaren esku dago gizakiaren arrakasta,
legegileagan agerrarazten du bere ospea.

Harrokeriaren aurka

6 Kalte egin dizula eta, ez gorrotorik izan lagun hurkoari,
ez egin ezer amorrazioaren eraginez.
7 Higuingarria da harrokeria Jaunarentzat eta gizakiarentzat,
biei egiten baitie bidegabekeria.
8 Bidegabekeria, bortizkeria eta gutiziaren eraginez
igarotzen da erregetza herri batetik bestera* 10,8 Eskuizkribu batzuek eransten dute: Bidegabekeriarik handiena dirua maite duenarena, horrelakoa prest baita bere arima saltzeko ere..
9 Zergatik harrotzen da hauts eta errauts den gizakia,
bizi dela ere, ustelkeria baino ez baitu erraietan* 10,9 ustelkeria… erraietan: Testua iluna da.?
10 Gaixoaldia luzatzen bada, medikuak ere ez du jakiten zer egin* 10,10 Gaixoaldia… egin: Grekozko testuaren esanahia ez dago argi; hebreerazkoak dio: Bat-bateko gaixoak kezkatu egiten du medikua.;
gaur errege dena, bihar hila.
11 Gizakiak, hiltzen denean,
narrastiak, piztiak eta harrak izaten ditu herentzia.
12 Giza harrokeriaren hasiera Jaunarengandik aldentzea izaten da,
bihotza bere Egileagandik banatzea.
13 Bekatua da harrokeriaren hasiera,
horretan irauten duenak txarkeria sortzen du uholdeka;
horregatik eman dizkie Jaunak zigor harrigarriak
eta lur joarazi suntsitzeraino.
14 Jaunak irauli egin ditu handikien aulkiak
eta otzanak eserarazi haien ordez;
15 errotik atera ditu zenbait nazio,
eta apalak landatu haien ordez;
16 nazioen lurraldeak suntsitu ditu Jaunak,
lurraren oinarri-oinarrietaraino desegin;
17 gizakien artetik kendu eta garbitu ditu,
haien oroitzapena ezabatu lur gainetik.
18 Harrokeria ez da gizakientzat egina,
ezta sumindura ere emakumeagandik jaiotakoentzat.

Gizakiaren balioa

19 Zein arraza da ohoragarri? Gizakiena.
Zein arraza da ohoragarri? Jaunari begirune diotenena.
Zein arraza da mespretxagarri? Gizakiena.
Zein arraza da mespretxagarri? Aginduak hausten dituztenena.
20 Bere herritarren artean, ohoratua izaten da buruzagia;
begirune diotenak ohoratzen ditu Jaunak* 10,20 Eskuizkribu batzuek eransten dute: 21 Jaunarenganako begirunea da onespenaren hasiera, bihotz-gogorkeria eta harrokeria ukapenaren hasiera..
22 Etorkin eta atzerritar* 10,22 Etorkin eta atzerritar: Beste eskuizkribu batzuek diote: Aberats eta ohoretsuek.nahiz behartsuek
Jaunarenganako begirunea dute harrotasun.
23 Ez da bidezkoa behartsu zentzuduna mespretxatzea,
ezta egokia ere bekataria ohoratzea.
24 Ohoratuak izaten dira handikiak, gobernariak eta ahaltsuak,
baina horietako inor ez da
Jaunari begirune diona baino handiago.
25 Morroi zentzudunak aitonen semeak izango ditu zerbitzari,
zuhurrenak ere ezin izango dio ezer aurpegiratu.
26 Ez egin jakintsuarena zeure egitekoa betetzean,
ez ibili harropuztuta estualdian.
27 Hobe da lan egin eta denetik sobera duena,
harropuztuta ibili eta zer janik ez duena baino.
28 Seme, estimatu zeure burua neurriz,
emaiozu merezi duen ohorea.
29 Bere burua gaitzesten duena, nork zuzenetsiko?
Nork errespetatuko bere burua mespretxatzen duena?
30 Behartsua bere zuhurtasunagatik da errespetatua,
eta aberatsa bere aberastasunengatik.
31 Behartsu izanik errespetatua dena,
are gehiago aberats bihurtzean!
Aberats izanik mespretxatua dena,
are gehiago behartsu bilakatzean!