Ereilearen parabolaren azalpena

(Mt 13,18-23; Mk 4,13-20)

11 «Hona hemen, bada, parabolaren esanahia: Hazia Jainkoaren mezua da. 12 Bide-bazterreko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua entzuten dutenak, baina deabrua etortzen zaie eta beren bihotzetik mezua kendu egiten die, sinetsi eta salba ez daitezen. 13 Harri gaineko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua entzutean, pozik onartzen dutenak; baina, sustrairik gabeak izanik, denboraldi batean sinesten dute, baina tentaldi-garaian huts egiten. 14 Sasi arteko hazia bezalakoak, berriz, hauek: mezua entzuten dutenak, baina bizitzako ardura, diru eta atsegin artean itota gelditzen dira eta fruitu ematera iristen ez. 15 Lur oneko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua bihotz on eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez fruitu ematen dutenak.