1 q 1Hemen kontatzen dena Artaxerxes erregearen garaian gertatu zen. Artaxerxesen erresuma Indiatik Etiopiaraino zabaltzen zen, ehun eta hogeita zazpi eskualde zituelarik.2 Aldi hartan, Susa zeritzan hiriburuan zuen Artaxerxesek bere errege-aulkia.3 Bere erregealdiko hirugarren urtean otordu handia eman zien bere adiskideei, atzerritar herrialdeetako eta Pertsia eta Mediako handikiei eta eskualdeetako gobernariei.4 Bere erreinuko aberastasunak eta atsegin ugarien edertasuna erakutsi nahi izan zizkien sei hilabetez.5 Jaialdiaren bukaeran, hirian zen jende guztiarentzat sei egunez luzatuko zen otordua antolatu zuen erregeak bere jauregiko atarian.6 Ataria liho eta muselinazko oihalez apaindua zegoen; liho eta purpurazko lokarriz zeuden lotuak urrezko eta zilarrezko eraztunetara, eta marmolezko eta hartzurizko zutabeetatik esekiak. Urrezko eta zilarrezko etzaulki asko zegoen han; zorua esmeraldaz, nakarrez eta marmolez egina zen. Mahai-zapiak bordadura distiratsuz eta biribilean ipinitako arrosez apainduak zeuden.7 Edalontziak urrezkoak eta zilarrezkoak ziren. Bazen han harribitxiz apainduriko beste kopa txiki bat ere; balio izugarria zuen. Ardo on ugari zegoen, erregeak edan ohi zuena bera.8 Ez zegoen neurririk otordu hartan, hala nahi izan baitzuen erregeak. Honek mahaizainei agindua zien berak eta bazkaldar bakoitzak nahi zuena egiteko.9 Era berean, Astin erreginak ere beste otordu bat antolatu zuen emakumeentzat Artaxerxesen jauregian bertan.10 Zazpigarren egunean, erregeak, ardoak alaiturik, bere zerbitzura zituen zazpi funtzionarioei –Haman, Bazan, Tarra, Boraze, Zatolta, Abataza eta Tarabari–11 Astin erregina bere aurrera ekar zezatela agindu zien, tronuan eserarazi, koroa jantzi eta beraren edertasuna handikiei eta herrialdeetako agintariei erakusteko, oso ederra baitzen.12 Baina Astin erreginak ez zuen funtzionarioekin joan nahi izan. Orduan, atsekabeturik, erregea biziki haserretu zen.13 Eta esan zien bere adiskideei: «Horrela erantzun al du Astinek? Iker ezazue arazoa legearen arabera eta epaitu».14 Hurbildu zitzaizkion erregeari pertsiarren eta mediarren buruzagi ziren Arkesaios, Sarsataios eta Malesear. Erregearen ondoan egon ohi ziren eta berak haien aholkuak entzuten zituen.15 Haiek aditzera eman zioten erregeari zer egin behar zitzaion legearen arabera Astin erreginari, funtzionarioek eramandako errege-agindua bete ez zuelako.16 Mukaios zeritzan batek esan zien erregeari eta buruzagiei: «Erregea ez ezik, beronen handiki eta gobernariak ere iraindu ditu Astin erreginak.17 Kontatu digu erregeak nolako erantzuna eman dion erreginak eta ez duela bete beraren esana.18 Erreginak Artaxerxesi horrela erantzun badio, pertsiar eta mediar buruzagien emazteek ere, erreginak erregeari nolako erantzuna eman dion jakinik, beren senarrak gutxiesteko ausardia izango dute.19 Erregeari ongi iruditzen bazaio, hau da egin beharrekoa: idatzi eta ezarri Media eta Pertsiako legeen artean erregearen agindu hau: Astin erregina ez dadila aurrerantzean erregeagana inoiz agertu, eta hura baino hobea izanen den emakumeren bati eman diezaiola berorrek erregina izatea.20 Zabal bedi eta bete erregearen agindu hori erreinu osoan. Horrela, emazte guztiek beren senarrei, nola behartsuenei hala aberatsenei, begirune izanen diete».21 Erregeak eta buruzagiek ongi iritzi zioten aholku honi, eta erregeak Mukaiosen esana egin zuen.22 Gutunak igorri zituen erreinuko eskualde guztietara, nori bere hizkuntzan, horrela jende guztiaren etxean begirunea nagusi izan zedin.