← Prejšnje Esaera Zaharrak 6 Naslednje →

Fidatzaile izatearen arriskua

1 Seme, lagun hurkoaren fidatzaile bihurtu al zara,
arrotzen bati eskua emanez?
2 Sarean harrapatuta geratu al zara zeuk emandako hitzez
eta lakioan preso zeuk esandakoagatik?
3 Hona hemen, seme, zer egin askatzeko:
Lagun hurkoaren esku geratu zarenez,
zoaz berarengana eta, eske eta eske, ez utzi bakean.
4 Ez egin lorik, ez hartu atsedenik,
5 zeure burua askatu arte,
oreinak ehiztariagandik eta txoriak lakiotik bezala.

Alferra

6 Zoaz inurriagana* 6,6 inurria: Hainbat kulturatan, inurria lanerako gogotsu denaren eta aurrez kontuak ateratzen dakienaren irudi da., alfer hori!
Begira nola jokatzen duen, eta ikasi.
7 Ez dio inork lana agintzen, zuzentzen edo betearazten.
8 Halere, bere ogia ziurtatzen du udan,
eta jatekoa pilatzen uzta-garaian.
9 Noiz arte egongo zara etzanda, alfer hori?
Noiz itzartuko zeure loalditik?
10 Aldika lozorroan, aldika erdi lo,
aldika besoak uztartu eta atsedenean:
11 arlotea bezala iritsiko zaizu gabezia,
eskalea* 6,11 arlotea, eskalea: Hitzen zentzua ez da segurua, nahiz eta ideia argia izan, alferrari bat-batean eta ustekabean iritsiko zaiola miseria, alegia.bezala etorriko miseria.

Maltzurra

12 Gizon maltzur eta gaiztoa
ezpainetan faltsukeria duela ibiltzen da.
13 Begi, oin eta eskuz keinuak egiten ditu engainatzeko.
14 Maltzurkeriaz betea, beti asmo txarretan
eta sesioan ibiltzen da.
15 Beraz, erabateko hondamendia iritsiko zaio,
bat-batean hondatuko da, erremediorik gabe.

Zeri dion gorroto Jaunak

16 Sei gauza gorrotatzen ditu Jaunak
eta zazpigarren bat* 6,16 Sei gauza… zazpigarren bat: Zenbaki-esaera, 30,15-31 zatikoak bezalakoa; ik. 30,15 oh.erabat du higuingarri:
17 begi harroak, mihi gezurtia,
errugabearen odola isurtzen duten eskuak,
18 asmo txarretan dabilen burua,
gaiztakeria egiteko presa duten oinak,
19 gezurra dioen lekuko faltsua,
eta zazpigarrena, senide arteko liskarren sortzailea.

Kontuz emakume adulteriogilearekin

20 Seme, bete aitaren agindua
eta ez baztertu amak irakatsia.
21 Eramatzazu beti bihotzari atxikiak
eta zeure begien aurre-aurrean* 6,21 zeure begien aurre-aurrean: H.h., lotu zeure lepoari..
22 Beraiek gidatuko zaituzte zeure joan-etorrietan,
beraiek zainduko lo zaudenean,
beraiek hitz egingo dizute esnatzean.
23 Agindua kriseilu da, irakaspena argi
eta heziketa eta zentzarazpena bizirako bide;
24 emakume gaiztoarengandik gordeko zaituzte
eta lausenguz ari zaizunarengandik.
25 Ez izan haren edertasunaren irrikarik bihotzean
eta ez zaitzala harrapa bere begiratuez.
26 Emagaldua ogi-zati batez asetzen baita,
baina adulteriogileak bizitza osoa harrapatzen du.
27 Inork hartzen ote du sua altzoan, jantziak erre gabe?
28 Edo inor txingar gainean ibiltzen ote, oinak erre gabe?
29 Bada, berdin inoren emaztearen atzetik dabilena:
ukitzen duenik ez da kalte gabe geratuko.
30 Ez du lapurrak mespretxurik merezi,
gosea kentzeko osten badu.
31 Halere, harrapatzen badute,
zazpi aldiz itzuli beharko du,
nahiz eta etxeko ondasun guztiak eman behar izan.
32 Emakume batekin adulterio egiten duena burugabea da,
bere bizia hondatzen baitu.
33 Zigortua eta desohoratua izango da
eta lotsa hori ezin izango du gainetik kendu,
34 jelosiak sutu egingo baitu senarra
eta erruki gabe jokatuko du mendeku hartzean.
35 Ez du inolako ordainik onartuko,
ezta zeure eskaintza biderkatuta ere.