← Prejšnje Esaera Zaharrak 2 Naslednje →

Jakinduria, altxor preziatua

1 Seme, nire esanak onartu eta aginduak gogoan badituzu,
2 zuhurtziari kasu egin
eta zentzu onari jaramon egiten badiozu,
3 adimenari dei egin eta zentzu onari hots egiten badiozu,
4 dirua eta altxorrak bezala bilatzen saiatzen bazara,
5 orduan ulertuko duzu zer den Jaunarenganako begirunea* 2,5 Jaunarenganako begirunea: Ik. 1,7 oh.
eta Jainkoa ezagutzera iritsiko zara.
6 Jauna baita zuhurtzia ematen duena,
berarengandik datoz ezaguera eta zentzu ona.
7 Berak ematen die arrakasta zintzoei
eta babesa jokabide zuzenekoei;
8 zuzenbideari jarraitzen diotenak babesten ditu
eta berarekin leial direnak zaintzen.
9 Orduan ikasiko duzu zuzen, zintzo eta prestu izaten,
eta ongi jokatzen.

Jakinduriak gaitzetik gorde

10 Honela, zuhurtzia sartuko zaizu bihotzera
eta atsegina izango duzu ezaguerarekin;
11 bereizmenak zainduko zaitu eta zentzu onak babestuko;
12 jokabide txarretik aldenaraziko zaituzte
eta hitz maltzurrekoengandik,
13 bide zuzena utzi eta ilunpetsuetatik doazenengandik,
14 gaizkia egiten gozatu
eta maltzurkeriaz pozten direnengandik,
15 jokaera okerretan eta bide-galdurik dabiltzanengandik.
16 Horrela, emakume lotsagabe* 2,16 emakume lotsagabe: H.h., emakume arrotz/atzerritar. Badirudi emakume adulteriogileari buruz ari dela. Esaera Zaharrak liburuan, eta 1-9 zatian bereziki, adulteriogilea sarriago azaltzen da emagaldua baino (ik. 5,3-11; 6,23-35). Ezkontza Jainkoaren eta herriaren arteko itunaren sinbolo delarik (ik. 2,17), adulterioa Jainkoaren itunarekiko desleialtasunaren pareko da.
eta lausengariagandik aldenduko zara,
17 bere gaztaroko laguna utzi
eta Jainkoaren ituna ahaztu duenarengandik.
18 Halakoaren etxera joatea heriotzarantz joatea da,
beraren bideak ilunpeetara eramaten zaitu.
19 Han sartzen direnek ez dute itzulerarik,
ez dituzte hartzen bizirako bideak.
20 Beraz, ibili onbidetik
eta jarraitu zintzoen jokabideari.
21 Prestuak biziko baitira lurrean
eta zuzenek iraungo bertan;
22 gaizkileak, berriz, jo eta garbitu egingo dituzte mundutik,
eta maltzurrak desagerrarazi bertatik.