Daniel Grekoa 1
Naslednje →
Azariasen otoitza
24 Hiru gazteak suaren erdian* 1,24 Hiru gazteak suaren erdian: Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, Danielen lagunak, su-labean aurkitzen dira; lotuta bota dituzte bertara, Babiloniako idoloak eta erregearen irudia gurtu nahi izan ez dituztelako (ik. Dn 3,23 oh.).zebiltzan Jainko Jauna goresten eta bedeinkatzen. 25 Azariasek, suaren erdian zutik, otoitz egin zuen ozenki, esanez:26 «Bedeinkatua eta goretsia zu,
Jauna, gure arbasoen Jainkoa!
Ospe zuri menderen mendetan!
27 Zuzena zara egin diguzun guztian,
zuzenak zure jokabide eta egintzak,
bidezkoak zure epaiak.
28 Zuzenak izan dira zure erabakiak,
gure eta Jerusalemen kontra,
gure gurasoen hiriaren kontra,
zigorra bidaltzean.
Merezia genuen
geure bekatuengatik.
29 Izan ere,
bekatu egin dugu eta gaizki jokatu,
zuregandik aldenduz.
Bai, guztiz bekatari gara,
30 ez baitiegu zure aginduei obeditu:
ez ditugu gorde, ezta bete ere
geure onerako agindu zeniguna.
31 Bai, zuzen jokatu duzu,
egin diguzuna egitean,
zigorra bidaltzean.
32 Legerik eta federik gabeko
etsai zitalen esku utzi gaituzu,
munduko errege zuzengabe* 1,32 errege zuzengabe: Babiloniako errege Nabukodonosor aipatzen da (ik. Dn 1,1; 2,1; 3,1); baina idazlearen garaikoek pentsa zezaketen Antioko Epifanes herriaren pertsegitzaileagan ere (ik. Dn 7,24; 11,21 oh.).
eta gaiztoenaren esku.
33 Eta orain, ez dugu hitzik esateko
eskubiderik ere:
lotsaz eta desohorez beterik gaude
zure zerbitzari eta gurtzaileok.
34 Baina zarena zarelako,
ez gaitzazu betiko utz,
ez hautsi
gurekin egina duzun ituna.
35 Abraham zeure adiskideagatik,
Isaak zeure zerbitzariagatik,
Jakob zeure herri santuaren
aitarengatik,
ez aldendu guregandik
zeure errukia!
36 Beraiei hitzeman zenien
zeruko izarrak bezala
ugarituko zenizkiela ondorengoak,
itsasbazterreko hondarra
bezain ugari egingo zenituela.
37 Orain, ordea, Jauna,
herri guztietan txikiena gara,
mundu osoan gaude mespretxatuak
geure bekatuengatik.
38 Gaur egun ez dugu
ez errege, ez profeta,
ez buruzagirik,
ezta tenplurik ere,
sakrifizioak, opariak
eta intsentsua eskaintzeko;
ez dugu lehen fruituak
non eskainirik,
zure errukia lortzeko.
39 Baina damuz hautsirik
eta umildurik gatozkizu:
har gaitzazu onez,
ahari eta zezenak
edo milaka bildots gizen
erre-oparitzat
eskainiko bagenizkizu bezala.
40 Gerta gaitezela gaur zuretzat
sakrifizio atsegin,
eta izan gaitezela
zure jarraitzaile leial,
zuregan konfiantza dutenek
ez baitute inoiz huts egiten.
41 Orain, bihotz-bihotzez
jarraitu nahi dizugu,
zureganako begirunez bizi
eta zu bilatzen saiatu:
ez gu lotsagarri utzi.
42 Joka ezazu gurekin
zeure bihotz onaz,
zeure neurrigabeko errukiaz.
43 Libra gaitzazu
zeure egintza harrigarriez;
azaldu zeure izen ospetsua,
Jauna.
44 Geldi bitez lotsa gorrian
zure zerbitzarion kaltetan
ari direnak!
Geldi bitez desohoraturik,
botere guztia galdurik,
indarrak deseginda.
45 Jakin bezate
zu zarela Jaun eta Jainko bakarra,
zure ospea mundu osora
zabaltzen dela».
Hiru gazteen kantika
46 Hiru gazteak labera bota zituzten errege-zerbitzariak sua indartu eta indartu ari ziren, petrolioa, bikea, amukoa eta egurra emanez. 47 Hogeita lau metro gora igotzen ziren garrak labe gainetik; 48 ingurura ere zabaldu eta labetik hurbil zeuden babiloniarrak kiskaldu egin zituzten. 49 Baina Jaunaren aingeruak, Azarias eta lagunengana labera jaitsirik, sugarrak kanpora uxatu zituen, 50 eta labe barruan haize heze eta freskoa atera zuen; hala, suak ez zien minik, ez kalterik egin, ezta ukitu ere. 51 Orduan, hirurak aho batez Jainkoa goresten, ospatzen eta bedeinkatzen hasi ziren:52 «Bedeinkatua zu, Jauna, gure arbasoen Jainkoa,
goretsia eta goraipatua menderen mendetan!
Bedeinkatua zu, santu eta ospetsu zarena,
goretsia eta goraipatua menderen mendetan!
53 Bedeinkatua zu, tenpluan zeure ospea agertzen duzuna,
goretsia eta ospatua menderen mendetan!
54 Bedeinkatua zu, kerubinen gainean eseririk,
leizeak arakatzen dituzuna,
goretsia eta goraipatua menderen mendetan!
55 Bedeinkatua zu, errege-tronuan eseria zaudena,
goretsia eta goraipatua menderen mendetan!
56 Bedeinkatua zu, zeru-sabaian,
goretsia eta ospatua menderen mendetan!
57 «Jaunaren sorkari guztiok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
58 Zeruok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
59 Jaunaren aingeruok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
60 Ortzi gaineko ur guztiok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
61 Zeruko astrook, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
62 Eguzki-ilargiok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
63 Zeruko izarrok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
64 Euri eta ihintz, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
65 Haize guztiok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
66 Su eta bero, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
67 Hotz eta sargori, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
68 Ihintz eta elurte, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
69 Gau-egunok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
70 Argi-ilunpeok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
71 Izotz eta antzigar, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
72 Jela eta elur, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
73 Tximist eta hodei, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
74 Lurra, bedeinka ezazu Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
75 Mendi eta muino, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
76 Lurreko landare guztiok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
77 Itsaso eta ibai, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
78 Iturriok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
79 Arrain handi eta txiki guztiok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
80 Zeruko hegazti guztiok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
81 Piztia eta abere guztiok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
82 Gizaki guztiok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
83 Israeldarrok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
84 Jaunaren apaizok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
85 Jaunaren zerbitzariok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
86 Bihotz zintzook, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
87 Santu eta bihotz-apalok, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
88 Hananias, Azarias eta Mixael, bedeinka ezazue Jauna,
goretsi eta goraipatu menderen mendetan!
«Berak libratu gaitu Hilen Egoitzatik,
heriotzaren menpetik salbatu,
labeko su bizitik gorde
eta garretan zegoen labetik eta suaren erditik askatu.
89 «Eman eskerrak Jaunari, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
90 Jaunaren gurtzaile guztiok,
bedeinka ezazue jainkoen Jainkoa,
goretsi eta eman eskerrak,
haren maitasuna betikoa baita».