Garaipen-kanta eta Bildotsaren ezteiak
1 Ondoren, jendetza handiarena bezalako zarata-hotsa entzun nuen zeruan, esanez:«Aleluia* 19,1 Aleluia: Hebreerazko hitza, Gora Jauna esan nahi duena.!
Salbamena, aintza eta indarra
gure Jainkoarenak,
2 haren epaiak egiazkoak
eta zuzenak baitira.
Kondenatu du emagaldu handia,
bere prostituzioaz
mundua usteltzen zuena,
eta beraren bizkar mendekatu du
bere zerbitzarien heriotza». 3 Berriro esan zuten:
«Aleluia! Haren sutearen kea
menderen mendetan gorantz doa». 4 Orduan, hogeita lau zaharrek eta lau izaki bizidunek ahuspeztu eta tronuan eseria dagoen Jainkoa gurtu zuten, esanez: «Amen! Aleluia!» 5 Eta tronutik ahotsa atera zen:
«Goretsazue gure Jainkoa,
begirune diozuen zerbitzari guztiok,
txiki eta handi». 6 Eta jendetza handiarena bezalako zarata-hotsa, ur handien eta trumoi indartsuen burrunba zirudiena, entzun nuen esaten:
«Aleluia!
Errege izaten hasia da Jauna,
gure Jainko ahalguztiduna.
7 Poz gaitezen eta egin festa,
eman diezaiogun aintza,
heldu baitira Bildotsaren ezteiak* 19,7 Bildotsaren ezteiak: Ap-an Kristori jartzen zaizkion izenetarik erabiliena (29 bider) Bildotsa da. Izen honekin, Pazko-bildotsaren teologia aplikatzen zaio, eta Is 53. kap.ko Jaunaren zerbitzariarena. Bildotsaren (Jesus hil eta piztuaren) eta emaztegaiaren (Elizaren) arteko ezteiekin, I.Z.n hasitako salbamen-historiaren hari garrantzizkoenetako bat burutzen da. I.Z.ean, Jainkoa da Israelen senarra (ik. Is 54,1-8; Os 2,16-18); I.B.an, Jesus da Elizaren senarra (ik. Ef 5,23.25.32)..
Apaindurik dago
beraren emaztegaia:
8 jantzi zoragarria eman diote,
liho garbiz eta distiratsuz egina
–lihoa, fededunen egintza onak dira–». 9 Gero, aingeruak esan zidan: «Idatzi: Zorionekoak Bildotsaren eztei-otordura deituak!» Eta erantsi zuen: «Jainkoaren hitzak dira hauek, egiazko hitzak». 10 Orduan, aingeruaren oinetara ahuspeztu nintzen bera gurtzeko; baina esan zidan: «Kontuz, ez egin horrelakorik; ni ere zerbitzari naiz, zu eta Jesusen testigu leial diren zure senideak bezala. Jainkoa gurtu behar duzu». Izan ere, Jesusen testigu izatea eta profetagintzarako espiritua edukitzea gauza bera dira.