Jainkoaren erregetza iritsi deneko ezaugarriak (7,1-50)

Erromatar ehuntariaren sinesmena

(Mt 8,5-13; Jn 4,46-54)

1 Herriari egindako hitzaldi hau amaiturik, Jesus Kafarnaumen sartu zen. 2 Bazen han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat zuen oso maitea; morroia gaizki zegoen, hilzorian. 3 Jesusen berri entzunik, judu-buruzagi batzuk bidali zizkion, morroia sendatzera etortzeko erreguaz. 4 Joan ziren Jesusengana, eta arren eta arren eskatu zioten: «Merezi du zuk hori egitea, 5 maite baitu gure herria eta berak egin digu sinagoga ere». 6 Jesus beraiekin joan zen. Etxera hurbilduxea zela, lagun batzuk bidali zizkion ehuntariak esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez bainaiz inor zu nire etxean sartzeko. 7 Horregatik, ez naiz ausartu neu zuregana joaten; aski duzu hitz bat esatea nire morroia sendatzeko. 8 Neuk ere, menpekoa izanagatik, soldaduak ditut menpean, eta batari joateko agintzen badiot, joan egiten da, besteari etortzeko agindu eta etorri, morroiari zerbait egiteko esan eta hala egiten du». 9 Hau entzutean, Jesus harritu egin zen hartaz eta, ondoren zetorkion jendearengana itzulirik, esan zuen: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dut aurkitu horrelako sinestedunik». 10 Mandatariek, etxera itzultzean, sendatua aurkitu zuten morroia.