Ezekiasen gaixoaldia eta sendakuntza

(2 Erg 20,1-11)

1 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Amotzen seme Isaias profetak berarengana joan eta esan zion: –Hau dio Jaunak: «Konpondu etxeko arazoak, hil egingo zara eta. Ez zara luzaro biziko». 2 Ezekiasek aurpegia paretari eman eta honela egin zion otoitz Jaunari: 3 «Arren, Jauna! Oroit zaitez leial eta zintzo jokatu izan dudala beti zurekin, atsegin zaizuna eginez». Eta negarrari eman zion saminki. 4 Orduan, Jaunak Isaiasi agindu zion 5 Ezekiasengana itzultzeko, honako hau esatera: «Hona zer dioen Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: Aditu dut zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak; beste hamabost urtez luzatuko dizut bizia. 6 Libratuko zaituztet zu eta Jerusalem Asiriako erregearen eskuetatik eta babestuko dut hiri hau». –Zer izango dut berriz ere Jaunaren tenplura joango naizenaren ezaugarri? 7 Isaiasek erantzun: –Hona hemen Jaunak emango dizun ezaugarria, agindutakoa beteko duela adierazteko: 8 Akazen mailadian, jaitsiak dituen hamar mailak igoaraziko dizkiot eguzkiaren itzalari. Eta eguzkiaren itzalak ordurako jaitsiak zituen hamar mailak igo egin zituen.