Irteera 1 Suivant →

JAINKOAK BERE HERRIA ASKATU NAHI (1,1–7,7)

Israeldarrak ugaldu

1 Hauek dira, nork bere senideak eramanez, beren aita Jakobekin batera Egiptora joan ziren israeldarren izenak* 1,1 israeldarren izenak: Zerrenda honek Jakoben hamabi semeen, hau da, Israelgo leinuburuen, izenak besterik ez du jasotzen; gainerako senideen izenak Has 46,8-27 zatian daude.: 2 Ruben, Simeon, Lebi, Juda, 3 Isakar, Zabulon, Benjamin, 4 Dan, Neftali, Gad eta Axer. 5 Jakoben ondorengoak, guztira, hirurogeita hamar lagun* 1,5 hirurogeita hamar lagun: Antzinako grekozko itzulpenak eta, beroni jarraituz, Eg 7,14 tx.ak hirurogeita hamabost diote; ik. Has 46,27 eta oh.ziren. Ordurako, Jose Egipton zegoen. 6 Jose, beronen senideak eta belaunaldi hura guztia hil eta gero, 7 israeldarrek seme-alaba asko izan zuten; erruz ugaldu ziren* 1,7 erruz ugaldu ziren: Ondorengotza ugariaren agintzaria betetzen ari dela egiaztatzen da, Has 47,27 tx.ean bezala: Jainkoak gurasoei, hots, Abrahami (Has 12,2 eta oh.), Isaaki (Has 26,3-4 eta oh.) eta Jakobi (Has 28,13 eta oh.), eginiko agintzaria.eta, hain indartsu egin zirenez gero, lurralde osoan zabaldu ziren.

Faraoiak esklabo bihurtu israeldarrak

8 Jose ezagutu ez zuen errege berri bat izan zen Egipton, 9 eta bere herriari esan zion: «Hara, israeldar herria gu baino ugariago eta indartsuago bihurtzen ari da. 10 Beraz, zuhur jokatu beharrean gaude, areago ugal ez daitezen; bestela, guduren bat sortuko balitz, gure etsaiekin elkartu eta gure aurka egingo lukete borroka, eta gero Egiptotik alde egingo ligukete». 11 Horregatik, egiptoarrek lan-arduradunak ezarri zizkieten israeldarrei lan neketsuetara makurrarazteko. Honela, Pitom eta Ramses* 1,11 Pitom eta Ramses: Segur aski, Niloren deltako ekialdean zeuden hiriak.eraiki zituzten, faraoiaren gudarostearentzat hornigaiak biltzeko hiriak. 12 Baina zenbat eta zanpatuago, orduan eta ugariago eta hedatuago egin ziren. Israeldarrez gogaiturik, egiptoarrek 13 esklabotza gogorra ezarri zieten 14 eta bizimodu garratza eginarazi, lan astunetara behartuz: buztinez adreiluak egin behar zituzten eta era guztietako soro-lanak. Lan guztiok gogorkeriaz ezarri zizkieten.

Faraoiak israeldar jaioberrien hilketa agindu

15 Hebrearrek bi emagin zituzten, Xifra eta Pua. Egiptoko erregeak 16 esan zien: –Israeldar emakumeei haurgintzan laguntzean, ohar zaitezte arra ala emea den umea* 1,16 ohar zaitezte arra ala emea den umea: H.h., begiratu bi harriei. Hitzak testuinguruan duen esangura zalantzazkoa da. Emakumeak haurra izateko erabiltzen zuen aulkia ere izan daiteke. Grekozkoak itzulpen librea eman du: eta haurra izateko puntuan daudenean, mutikoa bada… : mutikoa bada, hil; neska bada, utzi bizirik. 17 Baina emaginek Jainkoari begirune izan eta ez zuten erregeak agindua bete, baizik eta mutikoak ere bizirik uzten zituzten. 18 Orduan, erregeak deitu eta esan zien: –Zer dela-eta uzten dituzue mutikoak bizirik? 19 Emaginek erantzun zioten: –Hebrear emakumeak ez dira egiptoarrak bezalakoak; oso dira azkarrak eta, emagina joan orduko, izana dute haurra. 20 Jainkoak lagundu egin zien emaginei beren lanean: herria ugaldu egin zen eta biziki indartu. 21 Eta emaginei beraiei, Jainkoari begirune izan ziotenez gero, ondorengoak eman zizkien. 22 Orduan, faraoiak agindu hau eman zion herri osoari: «Bota Nilo ibaira hebrear mutiko guztiak! Neskak, berriz, utzi bizirik!»