Habakuk 1 Suivant →
1 2 3
1 Jainkoak Habakuk profetari agertu zion mezua.

Profeta laguntza eske oihuka

2 Noiz arte ari behar dut, Jauna,
zuri erreguka, zuk entzun gabe?
Noiz arte ari behar dut oihuka
gogorkeriaren aurka,
zuk lagundu gabe?
3 Zergatik ikusarazten didazu
horrenbeste bidegabekeria?
Nola egon zintezke
zapalketari begira?
Hondamen eta gogorkeria
ugari aurrean,
auziak eta borrokak nonahi* 1,3 auziak… nonahi: Honela ere itzul daiteke: auzia dagoen tokian, borroka nagusi edo auziak daude eta borrokak gora altxatzen du (ahotsa)..
4 Legeak ez du indarrik,
zuzenbidea oinperatua dago.
Gaiztoak inguratua dago zintzoa,
epai okerrak ematen dira.

Jaunaren erantzuna: babiloniarren erasoa

5 Honela dio Jaunak:
«Begira iezaiezue beste herriei,
ikusi;
harri zaitezte, harritu!
Gertatzeko baitago zerbait:
ez zenukete sinetsiko ere
kontatuko balizuete.
6 Horra,
babiloniarrak* 1,6 babiloniarrak: VII. mendeaz gero, neo-babiloniarrak jarri ziren nagusi Ekialde Hurbil osoan, Nabukodonosorren erregealdian (K.a. 605etik 562ra) batik bat.jaikiaraziko ditut,
herri bihotz-gogor eta ausarta.
Bazterrik bazter dabiltza munduan,
besteren lurraldeak
berentzat hartuz.
7 Herri izugarri eta ikaragarria:
berak ezartzen ditu
legea eta nagusitza.
8 Haren zaldiak
lehoinabarrak baino bizkorrago,
gauez ateratzen diren
otsoak baino amorratuago.
Haren zaldunak lasterka datoz,
urrutitik, hegan,
arranoa harrapakinaren
gainera bezala.
9 Hor datoz denak
gogorkeriaz beterik,
aurpegia beti aurrera* 1,9 aurpegia beti aurrera: Honela ere itzul daiteke: haien aurpegien sugarra mendebal-haizearen antzeko.;
itsas hondarra bezainbat preso
egiten dute.
10 Erregeak isekaz darabiltzate,
handikiei irri egiten.
Gotorlekuek barregura
ematen diete,
ondoan lur-pilak eginez
hartzen baitituzte.
11 Haizea bezala, batera nahiz bestera,
aurrera doaz.
Indarra dute beren jainko* 1,11 Tx.aren esanahia iluna da. Azken zatiko hebreerazko testua honela itzul daiteke: errudun bihurtzen da bere indarra jainko duena.».

Profetak berriro Jaunari dei

12 Ez ote zara zu, Jauna,
betidanik nire Jainko santu,
heriotzaren garaile* 1,12 heriotzaren garaile: Hebreerazkoak ez gara hilko dio; itzulpen aramear batek, ordea, ez zara hiltzen dakar.?
Jauna, nire harkaitza,
zeuk hartu dituzu babiloniarrok
zeure epaia betetzeko,
zeuk eman diezu indarra
gu zigortzeko.
13 Garbiegi dituzu begiak
gaiztakeria aurrean edukitzeko,
jasanezineko duzu zapalketa.
Nolatan zaude, bada,
maltzur horiei begira?
Nolatan isilik, gaiztoak zintzoa
irensten duen bitartean?
14 Itsasoko arrain
edo nagusi gabeko narrasti bailiran
darabiltzazu gizakumeak.
15 Nola amuak arraina,
hala dute babiloniarrek
jendea harrapatzen:
sareetara erakarri
eta biltzen dituzte.
Orduan jai egiten dute
pozez jauzika.
16 Sakrifizioak
eskaintzen dizkiete sareei,
intsentsua erretzen,
janari gozo eta oparoa
eman dietela eta.
17 Behin eta berriz sareak hustuz,
herriak gupidagabe hiltzen
jarraituko ote dute?