← Précédent Ester Grekoa 6 Suivant →
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10

HAMAN HILTZERA KONDENATUA (6,1–7,10)

Erregeak Mardokeo ohoratu nahi

1 Gau hartan Jaunak ez zion lo egiten utzi erregeari. Orduan, Erreinuko Kronika Liburua ekarri eta irakurtzeko agindu zion idazkariari. 2 Mardokeori buruzko pasartea aurkitu zuen: nola jakinarazi zion Mardokeok erregeari bi funtzionario haiek, beren guardialdia egin bitartean, Artaxerxes erregea hiltzeko asmotan ibili zirela. 3 Erregeak galdegin zuen: –Zein ohore, zein sari eman genion Mardokeori? Zerbitzariek erantzun zioten: –Ez zenion deus ere eman* 6,3 A,16 tx. ean bestela esaten da, esku-erakutsiak eman zizkiotela, alegia. Hala ere, 2,23 tx.ean ez da erregalurik aipatzen.. 4 Erregea Mardokeoren zerbitzuaren berri jakiten ari zen unean, Haman agertu zen atarian, prestatua zuen urkabean Mardokeo zintzilikatzeko erregeari eskatzera. Erregeak galdetu zuen: –Nor da atarian? 5 Zerbitzariek erantzun zioten: –Haman da atarian dagoena. Eta erregeak: –Dei egiozue! 6 Orduan, erregeak galdegin zion Hamani: –Zer egin diezaioket ohoratu nahi dudan bati? Hamanek berekiko: «Nor ohoratu nahi ote du erregeak, ni neu izan ezik?» 7 Eta erantzun zion erregeari: –Erregeak ohoratu nahi duenari? 8 Ba, ekar diezazkiotela morroiek erregeak soinean eramaten dituen lihozko jantziak eta erregeak erabiltzen duen zaldia. 9 Gero, erregearen adiskide ospetsuenetako batek soinekoak hartu eta jantzi diezazkiola erregeak ohoratu nahi duen gizonari eta zaldi gainera igo; gero, hiriko kale nagusian barrena erabil dezala honela oihukatuz: «Hona hemen zer egingo zaion erregeak ohoratu nahi duen gizon orori!»

Haman Mardokeo ohoratzera behartua

10 Erregeak, orduan, Hamani: –Ongi esan duzu. Egiozu horixe Mardokeori, gortean zerbitzatzen duen juduari. Ez utzi bete gabe esan duzun ezertxo ere. 11 Hartu zituen, bada, Hamanek soinekoak eta jantzi zizkion Mardokeori; hartu zuen zaldia eta, beraren gainera igoarazirik, hiriko kale nagusian barrena erabili zuen honela oihukatuz: «Hona hemen zer egingo zaion erregeak ohoratu nahi duen gizon orori!» 12 Mardokeo jauregira itzuli zen; Haman, berriz, bere etxera joan zen, atsekabetua eta burumakur. 13 Bere emazte Zosarari eta adiskideei adierazi zien gertatu zitzaiona. Adiskideek eta emazteak esan zioten: «Mardokeo judu izanik, beraren aurrean gainbehera hasi baldin bazara, geroz eta beherago eginen duzu. Ezin izango diozu aurre egin, Jainko bizia baitu berekin». 14 Artean solasean ari zirelarik, zerbitzari batzuek agertu eta bizkor eraman zuten Haman, Esterrek prestatua zuen otordura.