Hari lotzen zaizkionak bizira doaz, baztertzen dutenak heriotzara.
Erregua
2 Onartu berriro jakinduria,Jakoben herri,
zabiltza haren argiaren distiran.
3 Ez utzi
zeure harrotzeko bidea besteri,
ezta zeure duintasuna ere
atzerritarrei.
4 Zorionekoak gu, Israel,
Jaunari zer zaion atsegin
dakigunok!
JERUSALEMEN BERRIZTAPENA (4,5–5,9)
Atzerriratuei
5 Izan bihotz, ene herri,Israelen izenari
bizirik eusten diozun hori!
6 Jentilei salduak izan zarete,
baina ez zuek hondatzeko;
Jainkoaren haserrea
piztu duzuelako
utzi zaituzte etsaien esku.
7 Zeuen Egilea sumindu zenuten,
sakrifizioak, ez Jainkoari,
deabruei baizik, eskainiz.
8 Ahaztu egin zenuten
jaten eman zizuen
Jainko betierekoa,
eta atsekabetu
hazi zintuzten ama Jerusalem.
Jerusalem bere seme-alabengatik negarrez
9 Jaunaren zigorrahurbil zela ikusirik,
Jerusalemek esan zuen:
«Entzun, Siongo auzook:
nahigabe handia eman dit Jaunak.
10 Seme-alabak
gatibu joaten ikusi ditut,
Jainko betierekoak bidaliak.
11 Pozik hazi nituen,
negarrez eta nahigabeturik
utzi joaten.
12 Ez bedi inor poztu
ni alargun
eta denek bazterturik ikustean:
seme-alaben bekatuagatik
gelditu naiz bakarrik,
Jainkoaren legetik
desbideratu direlako.
13 Ez zituzten aintzat hartu
haren erabakiak,
ez ziren ibili
Jainkoaren aginduen bidetik;
utzi egin zuten
irakatsi zien justiziazko jokabidea.
14 Zatozte, Siongo auzook,
gogora nire seme-alaben erbestealdia,
betiereko Jainkoak ezarria.
15 Urrutiko nazio bat
bota zien gainera,
nazio harroa, hizkuntza arrotzekoa,
ez zaharrentzat begirunerik,
ez gazteentzat errukirik ez zuena.
16 Seme-alaba kutunak
kendu dizkiote ama alargunari,
bakardaderik bakartienean utziz.
17 Eta nik, zer egin dezaket zuen alde,
ene seme-alabok?
18 Zoritxar hauek
bidali dizkizuenak berak
aterako zaituzte etsaien eskutik.
19 Zoazte, seme-alabok,
zoazte zeuen bidetik!
Hona ni bakarrik eta bazterturik!
20 Nire bake-garaiko jantziak erantzi
eta erregutzaileen jantzi latza
jarri dut:
deiadar egingo diot Betikoari
bizitzako egun guztietan.
21 Izan bihotz, ene seme-alabok!
Egin oihu Jainkoari!
Hark askatuko zaituzte
zapaltzen zaituzteten
etsaien menpetik.
22 Badut nik
Betikoak salbatuko zaituzten
itxaropena.
Pozez bete nau berriro Santuak,
Betikoak, zuen salbatzaileak,
laster izango baitu zuentzat errukia.
23 Negarrez eta nahigabeturik
utzi zintuztedan joaten,
baina azkengabeko
pozez eta atseginez
itzularaziko zaituzte
niregana Jainkoak.
24 Siongo auzoek
gatibu ikusten zaituztete orain,
baina laster,
Jainkoak emango dizuen salbamena
ikusiko dute;
orduan agertuko ditu Betikoak
ospe handia eta distira.
25 Ene seme-alabok,
eraman pazientziaz
Jainkoak bidali dizuen zigorra.
Etsaiak pertsegitu zaituzte,
baina laster ikusiko duzue hondatua:
burua oinazpian zapalduko diozue.
26 Nire seme-alaba samurrak
bide latzetan ibili dira,
indarrez osturiko artaldea bezala
eraman ditu etsaiak.
27 Izan bihotz, ene seme-alabok!
Egin deiadar Jainkoari!
Oroituko da zuetaz
egoera horretara ekarri zaituztena.
28 Iraganean
Jainkoarengandik urruntzea
erabaki bazenuten,
itzuli orain berarengana
eta bila ezazue are gogo beteagoz!
29 Zoritxar hauek
bidali dizkizuenak berak
salbatuko zaituzte
eta poza emango betiko».
Jerusalemi itxaropen-agintzaria
30 Izan bihotz, Jerusalem!Kontsolatuko zaitu
zeure izenez deitu
eta aukeratu zaituenak.
31 Madarikatuak
gaizki erabili zaituztenak,
zure erorketaz poztu direnak!
32 Madarikatuak
zure seme-alabak esklabo
eduki dituzten hiriak!
Madarikatua
haiek hartu zituen herria!
33 Zure erorketaz poztu
eta hondamenaz alaitu baitzen,
atsekabetu egingo da
bera hondatua gertatzean.
34 Kendu egingo dio Jaunak
pozbide zuen jendetza ugaria,
harrokeria negar bihurtuko zaio.
35 Betikoak sua bidaliko dio
egun askotan
eta deabruen bizileku* 4,35 deabruen bizileku: Basamortu geldituko dela esateko irudia (ik. Is 13,20-22).
izango da luzaroan.
36 Begiratu ekialderantz* 4,36 ekialderantz: Erbesteratuak ekialderantz dagoen Babilonian daudelako., Jerusalem,
ikusi Jainkoak bidaltzen dizun poza.
37 Hara, badatoz
joaten ikusi zenituen seme-alabak:
Jainko santuak deiturik,
ekialde eta mendebaldetik* 4,37 ekialde eta mendebaldetik: Hitz hauek israeldarrak mendebaldean ere badaudela adierazten dute, eta segur aski Babiloniako erbestealdia baino askoz geroagoko egoera aipatzen du egileak.
bildu dira,
eta badatoz,
Jainkoaren ospeak pozturik.