← Précédent 1 Erregeak 22

Erregearen adiskide ziren profetek garaipena iragarri

(2 Kro 18,5-11)

6 Bildu zituen Israelgo erregeak profetak* 22,6 profetak: Erregearen zerbitzura eta esanetara zeuden gorteko profetak., laurehun inguru, eta galdegin zien: –Joango al naiz Galaadeko Ramoti erasotzera, ala utzi egingo dut? Profetek erantzun zioten: –Eraso! Zeure eskuetara emango dizu Jaunak. 7 Josafatek, ordea, galdetu zuen: –Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko? 8 Israelgo erregeak erantzun zion Josafati: –Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari berorren bitartez. Baina gorroto dut gizon hori, gauza txarrak baizik ez baitit iragartzen, onak iragarri beharrean. Josafatek esan zuen: –Ez zaitez horrela mintza, errege jauna. 9 Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion: –Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea! 10 Israelgo erregea eta Josafat, Judakoa, errege-jantzi ederretan, aulki banatan jarriak zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalgunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean. 11 Haietarik batek, Kenaanaren seme Sedekias deituak, burdinazko adar batzuk eginak zituen eta hau zioen: «Hau dio Jaunak: Adar hauez adarkatuko dituzu siriarrak, desegin arte». 12 Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emanen dizu Jaunak hiria!»