6. SALMOA

Erasotuaren negarra

1 Koru-zuzendariarentzat. Zortzi hariko musika-tresnaz. Daviden salmoa.
2 Jauna, ez ni zigortu haserre, ez ni zentzatu sumindurik.
3 Erruki zakizkit, Jauna, makaldua bainago;
senda nazazu, Jauna, hezur guztiak koloka baititut,
4 ikara bizian barrua.
Eta zu, Jauna, noiz arte geldi?
5 Arren, Jauna, libra nazazu,
salba heriotzatik, onbera zara eta.
6 Hilda gero, ez da inor oroitzen zutaz;
Hildakoen Egoitzan, nork goretsi zu?
7 Akitua nago aieneka.
Gauero malkoz bustitzen dut ohea,
blai eginda uzten etzalekua.
8 Begiak nahigabez lausotuak ditut,
horrenbeste zorigaitzez ahulduak.
9 Alde niregandik, gaizkileok,
entzun baitu Jaunak nire zotina.
10 Bai, entzun du nire erregua,
onartu du Jaunak nire otoitza.
11 Lotsa bitez eta izutu nire etsaiak!
Egin bezate atzera, bat-batean lotsaturik!