Kantarik Ederrena 1 Suivant →
1 2 3 4 5 6 7 8
1 Salomonen kantarik ederrena* 1,1 Kantarik Ederrena: H.h., Kanten kanta, hebreerazko superlatiboa; itzulpenean aukeratu dugun esamoldearen parekoa da..

Maitasuna ospatuz

Emakumeak

2 Eman biezat musu, bere ezpainez musu!
Zure maite-laztanak ardoa baino gozoago,
3 zure ukenduen usaina lurrin guztiak baino gozoago* 1,3 zure… gozoago: Grekozko antzinako itzulpenaren arabera (ik. 4,10); hebreerazkoak zure ukenduen usaina baino gozoago dio.!
Zu zeu zara ukendu lurrintsu!
Horregatik zaizkizu neskatxak maitemindu!
4 Har nazazu zeurekin, goazen bizkor;
eraman nazazu zeure logelara, ene errege.
Goza gaitezen, poztu zuregatik:
zure maite-laztanak ardoa baino gozoago!
Arrazoiz zaizkizu neskatxak maitemindu!

Mahastizaina eta artzaina

Emakumeak

5 Beltzarana naiz, baina ederra, oi Jerusalemgo neskatxok;
beduinoen oihal-etxolak* 1,5 beduinoen oihal-etxolak: H.h., Kedar-ko oihal-etxolak. Kedar arabiar tribu nomada da, Ismaelen ondorengoetarikoa (ik. Has 25,13).bezain beltzaran,
Salomonen jauregiko errezelak bezain eder.
6 Ez begira nire azal ilunari,
eguzkiak bainau kiskali:
neure anaiek, nirekin haserre,
mahastiak zaintzen jarri naute.
Eta neure mahastia* 1,6 neure mahastia: Emakumearen sinbolo da mahastia.utzi dut zaindu gabe!
7 Esadazu, ene bihotzeko kutuna,
non duzun larratzen artaldea,
non abaroan uzten eguerdian.
Ez nadin isil-gorderik* 1,7 isil-gorderik: Hebreerak (zapiz) estalia dio; antzinako itzulpenek, berriz, noraezean (ibil) dakarte.ibil,
zure lagunen artaldeen atzetik.

Gizasemeak

8 Ez badakizu, oi emakumerik ederren,
zoaz ardien oinatzen ondoren
eta larratu zeure antxumeak
artzainen txabola ondoan.

Nire nardoari usain gozoa dario

Gizasemeak

9 Ene laztana,
errege-karroza daraman behorra dirudizu.
10 Zein politak zure bi masailak,
belarritako horiekin!
Zein polita zure lepoa,
urrezko katea horiekin!
11 Urrezko belarritakoak egingo dizkizugu,
zilarrez tarteka apainduak.

Emakumeak

12 Ene erregea etzanik dagoela,
nire nardoari usain gozoa dario.
13 Ene maitea niretzat mirra-zorrotxoa* 1,13 mirra-zorrotxoa: Usaingarrizko zorrotxoa eraman ohi zuten emakumeek lepotik zintzilik, eta ohitura hori aipatzen da hemen.:
nire bularren artean ematen du gaua.
14 Ene maitea niretzat xuandor-lore-sorta,
En-Gediko* 1,14 En-Gedi: Ahuntzaren iturri esan nahi du; Itsaso Hilaren mendebaldeko ertzean zegoen oasia da.mahastietan hazia.

Gizasemeak

15 Bai ederra zarela, ene laztana, bai ederra!
Zure begiak uso bi!

Emakumeak

16 Zu bai ederra, ene maitea, bai zoragarria!
Belardia da gure ohe,
17 zedroak gure etxe-habe,
nekostak etxe-gain.