Profetaren eginkizuna

1 Jainko Jaunaren espiritua
nire gainean dago,
Jaunak sagaratu bainau;
berak nau bidali
behartsuei berri ona hots egitera,
bihotz-hautsiak sendatzera,
gatibuei askatasuna
eta kartzelatuei libertatea
iragartzera,
2 Jaunak onginahia
azalduko duen urtea
eta mendekatuko den eguna
iragartzera.
Siongo atsekabetuak kontsolatzera
bidali nau Jaunak:
3 koroa distiratsua emango diet
samintasunezko errautsaren ordez,
jaietako usainki gozoa
dolu-jantziaren ordez,
gorespen-kantak etsipenaren ordez.
«Jainko zuzenaren haritz»
deituko diete,
Jaunak bere ospea agertzeko
landaturiko haritz.

Jainkoaren herriaren zoria aldatuko

4 Antzinako etxe-hondakinak
berreraikiko dituzte,
aspaldiko horma eroriak jasoko,
menderik mende erraustuak zeuden
hiri hondatuak berrituko.
5 Atzerriko jendea zerbitzari
izango duzue:
zuen artaldeak zainduko dituzte,
nekazari eta mahastizain
izango dituzue.
6 Zuei, berriz,
«Jaunaren apaiz» deituko dizuete,
«Gure Jainkoaren zerbitzari»
esango.
Beste nazioen ondasunez
gozatuko zarete,
haien aberastasunez hornituko.
7 Jaunak dio:
«Lotsaizuna ugari eta laidoa
jasan behar izan dituztenez,
aberastasuna ugari izango dute
beren herrialdean
eta amaigabeko poza eskuratuko.
8 Nik, Jaun honek,
zuzenbidea dut maite,
lapurreta eta bidegabekeria gorroto.
Leialki emango diet saria
eta betiko ituna egingo beraiekin.
9 Haien ondorengoak
ospetsu izango dira
nazio eta herrien artean;
ikusiko dituzten guztiek
aitortuko dute
nik, Jaun honek,
bedeinkaturiko herria direla».

Esker oneko kanta

10 Pozaren pozez nago Jaunarekin,
alai dut arima neure Jainkoarekin,
bere salbamenez jantzi bainau,
garaipenezko soinekoz estali;
eztei-koroa janzten duen
senargaiaren antzeko naiz,
bitxi ederrez apaintzen den
andregaiaren antzeko.
11 Lurrak landareak
ematen dituen bezala,
baratzeak hazia
ernearazten duen bezala,
halaxe ernearaziko du Jaunak
salbamena
eta gorespen-kantak altxaraziko
nazio guztien aurrean.