Isaias, Egipto menderatuaren irudi

1 Behin batean, Asiriako errege Sargonek bere gudalburu nagusia bidali zuen Axdod-era* 20,1 Axdod: Filistear hiri hau 711n hartu zuen Sargonek., eta hark hiriari eraso eta hartu egin zuen. 2 Garai horretan, Amotzen seme Isaiasen bidez mintzatu zen Jauna. Hau esana zion aurretik: «Ea, erantzi soinean daramazun dolu-jantzia eta kendu oinetakoak». Hala egin zuen Isaiasek, eta larrugorri eta oinutsik gelditu zen. 3 Axdod hartua izan zen garaian, hau esan zuen Jaunak: «Isaias nire zerbitzaria larrugorrian eta oinutsik ibili da hiru urtez, Egipto eta Etiopiarentzat ezaugarri eta aurre-seinale gisa. 4 Asiriako erregeak ere halaxe eramango ditu egiptoar presoak eta etiopiar erbesteratuak, zahar eta gazte, larrugorrian eta oinutsik, ipurdia agerian dutela; Egipto lotsagarri gertatuko da. 5 Espantuz eta lotsaz beteko dira beren itxarobide Etiopia eta beren harrotasun Egipto zutenak. 6 Orduan, honela esango dute kostalde honetako guztiek* 20,6 kostalde honetako guztiek: Hau da, filistearrak, eta hedaduraz israeldarrak ere bai.: “Horra hor geure itxarobide genuenaren atarramentua! Horra hor norengana jo dugun, Asiriako erregeagandik askatzeko laguntza eske! Nola onik atera gu orain?” »