1 Hona hemen Juda eta Jerusalemi buruz Amotzen seme Isaiasi Jaunak agertu zion mezua.

Jerusalem, bakearen hiriburu

(Mi 4,1-3)

2 Azken egunetan,
Jaunaren etxea dagoeneko mendia* 2,2 mendia: Sion mendia da, tenplua eraikia zegoeneko Jerusalemgo muinoa.
beste mendien gain
ezarriko du Jaunak,
mendixka guztien gainetik jasoko.
Eta hara joko dute nazio guztiek.
3 Herri asko joango dira hara, esanez:
«Zatozte,
igo gaitezen Jaunaren mendira,
Jakoben Jainkoaren etxera;
bere bideak erakutsiko dizkigu,
eta gu haren bidexketan ibiliko gara;
Siondik irakatsiko baitu Jaunak,
Jerusalemdik hitz egingo».
4 Hark epaituko ditu nazioak,
erabakiko herrialde askoren auziak.
Ezpatak golde bihurtuko dituzte
eta lantzak igitai.
Ez da naziorik
nazioren aurka altxatuko,
ez dira gehiago
gudurako prestatuko.
5 Ea, bada, Jakoben herri* 2,5 Jakoben herri: H.h., Jakoben etxe; berdin 2,6 tx.eko Jakoben ondorengoak ere. Israel herri osoa adierazteko ohiko esamoldea (ik. Has 35,21 oh.).,
ibil gaitezen Jaunaren argitan!

Jaunaren eguna

6 Jauna, bertan behera utzia duzu
zeure herria, Jakoben ondorengoak;
aztiz* 2,6 aztiz: Jatorrizkoak ekialdetik dio; aztikeriazko jarduerak oso zabalduak zeuden antzinako Ekialdean.eta igarlez
beteak daude bazterrak,
filistearren artean bezala,
eta atzerritarrekin
itunak egiten dira.
7 Betea dago lurraldea
urrez eta zilarrez,
neurtezineko ondasunez;
betea dago lurraldea zaldiz,
kontaezin ahalako guda-gurdiz.
8 Betea dago lurraldea idoloz:
beren eskuz eginaren aurrean
dira ahuspezten,
beren behatzez landuaren aurrean.
9 Makurtu beharko du, bai, gizakiak,
eta bere burua apaldu:
zuk ez barkatu, Jauna!
10 Israeldarrok,
sar zaitezte haitzartean,
gorde lurpean,
Jauna beldurgarri
eta ospe distiratsuz agertzean.
11 Behera begiratu beharko dute
begi harroek,
makurtu beharko du
giza handikeriak.
Jauna bakarrik agertuko da
garai egun hartan.
12 Orduan, Jaun ahalguztidunak
makurraraziko ditu
harro, handiputz
eta buru-tente guztiak:
13 Libanoko zedro handi eta tantaiak
eta Baxango haritz guztiak,
14 mendi handiak
eta tontor garai guztiak,
15 dorre trinkoak
eta harresi menderagaitzak,
16 itsaso zabaleko ontziak* 2,16 itsaso zabaleko ontziak: H.h., Tarsiseko ontziak; esamoldeak itsaso zabala zeharkatu eta urrutiko kostaldeetara iristen ziren ontziak adierazten ditu.
eta ontzi bikain guztiak.
17 Beheratu beharko du
giza harrokeriak,
makurtu beharko du
giza handikeriak.
Jauna bakarrik agertuko da
garai egun hartan,
18 eta idoloak erabat galduko dira.
19 Sar zaitezte haitzuloetan,
gorde lurreko leizeetan,
Jauna beldurgarri
eta ospe distiratsuz agertzean,
lurra dardararaztera etortzean.
20 Egun hartan,
gizaki orok sator eta saguzarrei
botako dizkie bere idoloak,
gurtzeko eginak zituen
urrezko eta zilarrezko idoloak;
21 gizakiak oro hartzulo
eta haitzarteetan sartuko dira,
Jauna beldurgarri
eta ospe distiratsuz agertzean,
lurra dardaraztera etortzean.
22 Ez jarri, beraz,
zeuen ustea gizakiagan,
arnasaldi bat besterik ez baita:
zertarako balio lezake?