105. (104.) SALMOA

Jaunaren egintza bikainak Israelen historian

1 Goretsazue Jauna, dei egin berari,
jakinarazi herrien artean haren egintza bikainak!
2 Kanta iezaiozue, jo soinua berarentzat,
konta haren egintza miragarriak!
3 Harro zaitezte hartaz, Jainko santuaz,
poztu, Jaunaren bila zabiltzatenok!
4 Jo ezazue Jaunarengana, indartsuagana,
bila etengabe haren aurpegia.
5 Izan gogoan hark egindako mirariak,
haren egintza harrigarriak eta agindu zuzenak,
6 zuek, haren zerbitzari Abrahamen jatorrikook,
Jakoben ondorengook, haren aukeratuok!
7 Bera da Jauna, gure Jainkoa, lur osoaren gobernaria.
8 Gogoan du etengabe bere ituna, mila gizalditarako hitzemana:
9 Abrahamekin eginiko ituna, Isaaki emaniko zin-hitza,
10 Jakobi legetzat ziurtatua, Israeli betiko ituntzat emana,
11 hau esatean: «Zuei dizuet emango Kanaan lurraldea,
hauxe da zuen ondare-zatia».
12 Gutxi batzuk besterik ez ziren,
etorkin-taldetxo bat besterik ez;
13 nazio batetik bestera ibili ziren, erreinuz erreinu.
14 Baina Jainkoak ez zuen utzi inork zapal zitzan,
haiengatik erregeak mehatxatu zituen:
15 «Ez ukitu nire aukeratuak* 105,15 aukeratuak: Jatorrizkoak gantzutu/mesias hitza dakar. Badirudi patriarkei eta Israelgo gainerako gidariei buruz esana dagoela., ez egin kalterik nire profetei!»