Jesus basamortuan tentatua

(Mk 1,12-13; Lk 4,1-13)

1 Orduan, Espirituak basamortura eraman zuen Jesus, deabruak tenta zezan. 2 Berrogei gau eta berrogei egunez egon zen han, barau eginez, eta azkenik gosetu egin zen. 3 Hurbildu zitzaion, orduan, tentatzailea eta esan zion: –Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri hauek ogi bihurtzeko. 4 Jesusek erantzun zion: –Liburu Santuetan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da. 5 Ondoren, deabruak hiri santura, Jerusalemera, eraman zuen eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, 6 esan zion: –Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua behera, idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko. Eta besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun. 7 Baina Jesusek erantzun: –Hau ere idatzia dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa. 8 Berriro, deabruak hartu eta mendi garai batera eraman zuen; munduko erreinu guztiak beren handi-ederrean erakutsi 9 eta esan zion: –Hori guztia emango dizut, ahuspezturik gurtzen banauzu. 10 Jesusek, orduan: –Alde hemendik, Satanas! Idatzia baitago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu. 11 Orduan, deabruak utzi egin zuen, eta aingeruak etorri zitzaizkion zerbitzatzera.