Azken afarirako prestaketak
(Mt 26,17-19; Mk 14,12-16)
7 Iritsi zen Legamia gabeko Ogien Jaieguna, Pazko-bildotsa hil behar zeneko eguna. 8 Orduan, Pedro eta Joan bidali zituen Jesusek, esanez: –Zoazte guretzat Pazko-afaria prestatzera. 9 Haiek galdetu zioten: –Non prestatu behar dugu? 10 Jesusek erantzun: –Hara, hirian sartzean, ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari sartuko den etxeraino, 11 eta esan bertako nagusiari: «Maisuak galdetzen dizu non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia». 12 Hark gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik; prestatu hantxe. 13 Joan ziren, eta dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.