← Aurrekoa Kantarik Ederrena 3 Hurrengoa →
1 2 3 4 5 6 7 8

Bilatu eta aurkitu

Emakumeak

1 Gauez, ohean,
neure bihotzeko kutunaren bila nenbilen.
Bila ibili, bai,
baina aurkitu, ez.
2 Jaiki eta hirian zehar abiatu nintzen,
kale eta plazetan zehar,
neure bihotzeko kutunaren bila.
Bila ibili, bai,
baina aurkitu, ez.
3 Hirian zehar dabiltzan zaindariek
aurkitu ninduten.
–Ikusi al duzue nire bihotzeko kutuna?–
galdetu nien.
4 Haiengandik aldendu nintzeneko,
aurkitu nuen neure bihotzeko kutuna.
Gogor heldu nion,
ez diot berriz jaregingo,
neure amaren etxean sartu arte,
sortu ninduenaren logelan sartu arte.

Gizasemeak

5 Jerusalemgo neskatxok,
basoetako orein eta gazelen izenean, otoi,
ez iratzarri ene maitea,
utzi lo egiten,
nahi duen arte.

Eztei-segizioa

Koruak

6 Zer da basamortuan gora datorren hori?
Intsentsu, mirra eta beste hainbat usaingarrizko
ke-zutabea dirudi.

Ahots batek

7 Horra Salomonen* 3,7 Salomon: Behin baino gehiagotan azaltzen da liburu honetan gizakumea Salomonekin konparaturik (6,8-11; 8,11-12); emakumeak, maite duen gizakumeari errege titulua ematen dio.esku-aulkia.
Hirurogei gudari ditu inguruan,
Israelgo ausartenak;
8 ezpata erabiltzen ikasiak denak,
guduan trebatuak.
Aldean daramate ezpata
gaueko erasoen beldur.

Koruak

9 Salomon erregeak
Libanoko egurrez egin zuen esku-aulkia.
10 Zutabeak zilarrezkoak ditu,
bizkarraldea urrezkoa,
eserlekua purpurazkoa;
barrualdea, dena,
Jerusalemgo neskatxek maitekiro apaindua.

Ahotsak

11 Siongo* 3,11 Sion: Jerusalemen izenordea da.alabok,
atera zaitezte Salomon erregea ikustera.
Koroa eta guzti dator,
eztei-egunean,
bihotza beteko poza zuen egun hartan,
amak ezarri zion koroaz.