1 Jaunak dio:
«Itzuli nahi baduzu, Israel,
neuregana itzuli behar duzu.
Zeure idolo higuingarriak
nire aurretik kentzen badituzu,
ez zara aurrerantzean
bide-galdurik ibiliko;
2 nire izenean egiten baduzu zin
egiaz, justiziaz eta zuzenbidez,
bedeinkatuko ditut beste herriak ere* 4,2 Antzinako agintzariaren arabera (ik. Has 22,18; 26,4), Israel beste herrien bedeinkazio-bide izango da, erbestealdiaren testuinguruan.,
eta nitaz harro agertuko dira».
3 Honela esaten die Jaunak Juda eta Jerusalemgo bizilagunei:
«Landu soro berriak,
ez erein arantza artean.
4 Berritu nirekiko ituna,
ezarri zeuen bihotzetan* 4,4 Berritu… bihotzetan: H.h., Erdaindu Jaunarentzat, kendu zeuen bihotzeko zakil-muturra. Ez da aski haragian eginiko erdainkuntza, erdainkuntza itunaren seinale baita; ituna bihotzean ezarri behar da (ik. Dt 10,16 oh.).,
Juda eta Jerusalemgo bizilagunok!
Bestela,
sua bezala piztuko da nire haserrea,
erre egingo zaituzte
zeuen egintza gaiztoengatik,
eta ezin izango du inork itzali».

Iparraldeko erasoa iragarri

5 Aldarrikatu hau Judan,
adierazi Jerusalemen.
Jo turuta herrialde osoan,
egin oihu ozenki:
«Bil zaitezte, joan gotorlekuetara!»
6 Jaso bandera Sion aldera!
Babes zaitezte, ez gelditu!
Zoritxarra ekarriko baitut
iparraldetik* 4,6 iparraldetik: Ik. 1,14 oh.,
izugarrizko hondamendia!
7 Irten da lehoia sastraka artetik,
abiatu da herrien hondatzailea;
atera da bere herritik,
zure herrialdea hondatzeko,
zure hiriak kiskaltzeko,
inor gabe uzteraino.
8 Horregatik, estali dolu-jantziz,
egin negar eta intziri;
ez, ez da Jaunaren haserre-sumina
Judarengandik aldendu.
9 Jaunak dio:
«Egun hartan
bihozgabeturik geratuko dira
erregea eta buruzagiak,
izuturik apaizak,
dardara-ikaraz profetak».
10 Nik esan nuen: «Ai, Jauna,
nola engainatu dituzun
herri hau eta Jerusalem!
Bakea zenien iragarri
eta, ostera,
ezpata daukate zintzurrean».
11 Garai hartan, herri honi
eta Jerusalemi esango zaie:
«Haize kiskalgarria dator
basamortutik nire herrirantz* 4,11 herrirantz: H.h., herriko alabagana; herriaren pertsonifikazioa da, maiz errepikatzen dena (ik. 6,26; 8,11.19.21-23; 9,6; 14,17); kasu askotan hiriburuari, Jerusalemi (Sion), aplikatzen zaio.;
ez da, ez, garia bahetzeko
eta garbitzeko haizea,
12 neuk bidalitako
haize indartsua baizik.
Orain da nire txanda
haiei neure epaia emateko».
13 Begira,
hor dator etsaia hodeia bezala,
guda-gurdiak haize-erauntsia bezala,
zaldiak arranoak baino arinago.
Ai ene, galduak gara!
14 Jerusalem,
garbitu zeure barruko gaiztakeria,
bizirik atera nahi baduzu.
Noiz arte
izango ote dituzu zeure baitan
burubide gaizto horiek?
15 Dan hiritik
eta Efraimgo mendietatik* 4,15 Dan: Israelen iparraldeko mugako hiria. // Efraimgo mendiak: Jerusalemdik iparraldera daude.
berri txarrak datoz.
16 Ohartarazi nazioak!
Adierazi Jerusalemen!
Badatoz etsaiak urrutiko lurraldetik,
Judako hirien aurka oihuka.
17 Alde guztietatik
inguratzen dute Jerusalem,
landazainek egin ohi duten bezala.
Jaunak dio:
«Nire aurka jaiki zarelako
gertatzen zaizu hori.
18 Zeure jokabide eta egintza txarrek
zori horretara eraman zaituzte.
Zeure gaiztakeriaren fruitua duzu,
mingotsa benetan,
bihotzeraino samintzen zaituena».

Jeremias bere herriarengatik nahigabetua

19 Hau nahigabea, hau nahigabea* 4,19 Hau… nahigabea!: H.h., Nire erraiak, nire erraiak!!
Lehertzeko zorian daukat bihotza!
Hau larria neure barruan!
Ezin isilik egon,
entzuten ari bainaiz turuta-hotsa,
guda-irrintzia.
20 Hondamena hondamenaren gain,
lurralde osoa erraustua!
Berehalako batean
nire kanpalekuak birrinduak dira,
bat-batean
nire kanpadendak suntsituak.
21 Noiz arte ikusi behar ote dut
gerrarako bandera jasorik?
Noiz arte entzun behar ote
turuta-hotsa?
22 Jaunak dio:
«Burugabea da nire herria,
ez nau aintzat hartzen.
Haur zentzugabeak dira,
ezer ulertzeko gauza ez.
Gaitzerako trebeak,
onerako tentelak».

Ikuskari ikaragarria

23 Begiratu dut lurrera,
eta dena nahasmendu da;
begiratu zerura,
eta dena iluntasun.
24 Begiratu dut mendietara,
eta dardaraz daude;
muinoetara, eta denak dantzan.
25 Begiratu, eta gizakirik ez da,
hegazti guztiak alde eginak dira.
26 Begiratu, eta baratzea basamortu,
hiri guztiak errauts.
Jaunak egin du hori,
Jaunak, bere haserre-suminaz.
27 Honela dio Jaunak:
«Lur guztia erraustua izango da,
baina ez erabat deuseztatua.
28 Horregatik, dolu egingo du lurrak,
ilundu egingo goian ortzia,
hartua baitut erabakia;
ez naiz damutuko, ez atzera egingo».
29 Zaldizko eta arkularien zarata
entzutean,
ihesi doa jende guztia.
Basoetan ezkutatzen dira,
harkaitzetara igotzen.
Hutsik utzi dituzte hiriak,
batere bizilagunik gabe.
30 Eta zu, zer zabiltza purpuraz jantzia,
urrezko bitxiz apaindua,
begiak beltzez pintaturik?
Alferrik apaintzen zara,
maitaleek zapuztu egin zaituzte,
bizia kendu nahi dizute.
31 Garrasiak entzuten ditut,
erdiminetan dagoen emakumearenak
bezalako garrasiak,
lehen haurra izateko
dagoenarenak bezalakoak:
Sion hiri ederra* 4,31 Sion hiri ederra: H.h., Sion alaba, Jerusalemen pertsonifikazioa (ik. 6,2.23 eta 4,11 oh.).ari da oihuka,
garrasi bizian eta eskuak luzatuz:
«Ai ene! Nireak egin du!
Hiltzaileen esku nago!»