← Aurrekoa
Judit 16
Juditen gorespen-kantua
1 Juditek esan zuen:«Hasi kantatzen ene Jainkoari
danbolinekin,
kanta Jaunari txilinekin,
egin berarentzat gorespen-kantua,
goratu eta dei egin beraren izenari!
2 Gerrak desegiten dituen
Jauna baita Jainkoa;
herriaren erdian ezartzen du
bere oihal-etxola.
Berak libratu nau
pertsegitzen nindutenen eskutik.
3 Iparraldeko mendietatik
zetozen asiriarrak,
milaka eta milaka gudarirekin.
Haien jende-multzoak
ibarrak bete zituen,
haien zalditeriak mendixkak estali.
4 Gure lurraldeari
su eman behar omen zioten,
gure gazteak ezpataz sarraskitu,
gure umeak lurrera jaurti,
gure haurrak harrapatu,
gure neskatxak bahitu.
5 Jaun ahalguztidunak, ordea,
huts eragin die
emakumearen eskuz.
6 Haien buruzagia ez zuten
gudari gazteek bota,
ez titanek* 16,6 Haien buruzagia: Holofernes. // titanek: Greziar mitologiako jainkoak dira, izugarrizko indarra zuten eta Zeus jainkoaren kontra borrokatu ziren.zauritu,
ez erraldoiek garaitu,
baizik eta Juditek,
Merariren alabak,
zuen menderatu
bere aurpegi ederraz.
7 Alargun-soinekoa erantzi zuen,
israeldar atsekabetuak
jaikiarazteko.
Usaingarriz igurtzi zuen aurpegia,
8 xingolaz lotu ile-adatsa
eta lihozko soinekoa jantzi,
etsaia liluratzeko.
9 Juditen sandaliek
begiak erakarri zizkioten
eta haren edertasunak txoratu.
Ezpataz lepoa moztu zion!
10 Ikaratu egin ziren pertsiarrak
Juditen ausardiagatik,
mediarrak izutu
haren kemenarengatik.
11 Gure jende xeheak deiadarra bota
eta etsaiak beldurtu;
gure jende gaixoak oihu egin
eta etsaiak izutu;
haiek irrintzi egin
eta etsaiak sakabanatu.
12 Gizontto batzuek* 16,12 Gizontto batzuek: H.h., emakume ziztrinen umeek.
zituzten alderik alde zulatu;
iheslari beldurti bailiran zauritu.
Ene Jaunaren guduan hil ziren.
13 «Kantu berria kantatuko diot
ene Jainkoari.
Handia eta ospetsua zara, Jauna,
miresgarria zeure indarrarengatik,
garaiezina!
14 Zerbitza zaitzatela diren guztiek,
zuk agindu eta hasi baitira izaten,
zuk arnasa eman eta eratu zenituen.
Inork ezin aurka egin
zure ahotsari.
15 Zure aurrean mendiak
dardaratu egingo dira
beren oinarrietan,
eta urperatuko,
haitzak ezkoa bezala urtuko;
begirune dizutenentzat, ordea,
onbera zara zu.
16 Edozein opari txikiegi da
zuretzat atsegingarri izateko;
gantzak oro ez dira ezer
zuri erre-oparitzat eskaintzeko.
Jaunari begirune diona, ordea,
beti handi da izango.
17 Zoritxarrekoak
nire herriari eraso diezaioten
nazioak!
Jaun ahalguztiduna mendekatuko da
epai-egunean;
sua eta harrak bidaliko dizkie
eta minez negar eginen dute
betikotasunean».