Jerusalemen zoria

1 Ai Jerusalem, Jerusalem* 29,1 Jerusalem, Jerusalem: Jatorrizkoak Ariel, Ariel dio, 2. eta 7. tx.etan bezala. Jerusalem adierazten du, hitzaren interpretazioa argia ez den arren. Hitzak, Ez 43,15-16 zatian, aldare gaineko sutegia adierazten du; bertan opariak erretzen ziren (ik. 2. tx.). Hiriaren izaera sakratua azpimarratuko luke.,
behinola Davidek setiaturiko hiri!
Oraindik urte bat edo beste,
urtean urteko jai-saila osotuz,
2 eta estu hartuko dut Jerusalem:
intziriak eta negar-zotinak
izango dira,
eta opariak erretzeko aldarea bezala
jarriko dut hiria.
3 Alde guztietatik setiatuko zaitut,
lubakiz inguratuko,
zure kontra eraso-tresnak jasoko.
4 Lur jota geldituko zara,
lurrean intzirika;
hautsetan itoa geratuko da
zure mintzoa;
hildakoen espirituenaren antzeko
izango da zure ahotsa,
zurrumurruaren antzeko
zure mintzoa.
5 Zure harroputz-piloa
hauts xehea bezala izango da;
zure indartsuen multzoa,
haizeak daraman lastoa bezala.
Baina bat-batean eta ustekabean,
6 trumoi, lurrikara eta burrunbaz,
zurrunbilo, ekaitz
eta sugar kiskalgarriz
ekingo dio Jaun ahalguztidunak.
7 Orduan,
Jerusalemen aurka borrokan
ari diren nazio guztiak,
setiatzen duten gudari-talde
eta eraso-tresna guztiak,
ametsa bezala,
gaueko irudipena bezala
desagertuko dira.
8 Ametsetan jaten ari eta esnatzean
urdaila hutsik duen
gosetuaren antzeko,
ametsetan edaten ari eta esnatzean
eztarria lehor duen
egarrituaren antzeko izango da
Sion mendiari erasotzen dioten
nazioen multzoa* 29,8 nazioen multzoa: 701. urtean Jerusalemi eraso zion Senakeriben gudarostea segur aski..

Herria, ulertzeko gauza ez

9 Harri zaitezte, harritu!
Itsu zaitezte, itsutu!
Mozkortu, baina ez ardoz!
Egin balantza,
baina ez edanarengatik!
10 Izan ere,
Jaunak lozorroa bidali dizue,
begiak itxi dizkizue profetoi,
burua estali ikusleoi.
11 Goi-agerpen guztiak zigiluz itxitako idazki baten antzeko gertatzen zaizkizue: irakurtzen dakien bati idazkia eman eta «Irakurri hau» esaten diote, eta hark «Ezin dut, zigiluz itxia baitago» erantzuten; 12 edo irakurtzen ez dakien bati eman eta «Irakurri hau» esaten diote, eta hark «Ez dakit irakurtzen» erantzuten.
13 Jaunak hau esan du:
Herri hau hurbiltzen zait, bai,
ohore ematera,
baina ezpainez bakarrik
ohoratzen nau;
niregandik urruti du bihotza.
Ematen didaten gurtza
ohitura hutsa,
giza agindua besterik ez da.
14 Horregatik,
harrigarriro jokatuko dut
behin eta berriro herri honekiko.
Horrela,
bertako jakintsuen jakinduria
huts aterako da
eta adituen adimena
bertan behera galduko.

Salbamen-itxaropena geroko

15 Zoritxarrekoak beren asmoak
Jaunari ezkutatzen dizkiotenak!
Ilunpetan ari dira azpilanean,
esanez:
«Inork ez gaitu ikusten.
Inor ez da gutaz ohartzen».
16 A zer zorakeria!
Buztinlaria adina ote da, bada,
buztina,
eginak egileari «Ez nauzu zuk egin»
edota ontziak ontzigileari
«Ez dakizu lanean» esateko?
17 Oso denbora gutxi barru,
Libanoko* 29,17 Libano: Ik. 10,34 oh.basoa
lorategi bihurtuko da,
eta lorategia baso.
18 Egun hartan, liburuko hitzak
entzungo dituzte gorrek,
eta ilunperik eta itzalik gabe
ikusiko itsuek.
19 Dohakabeak berriro Jaunarekin
poztuko dira
eta gizakirik behartsuenak
Israelgo Jainko santuarekin
gozatuko.
20 Izan ere, zapaltzailea hilko da,
harroputza galduko,
kalte egiteko erne dabiltzanak
akabatuko:
21 alegia, besteak gezurrez salatzen,
auzitegian defentsa eragozten
eta errugabea hondamendira
eramaten dutenak.
22 Horregatik,
Abraham askatu zuen Jauna
honela mintzo zaie
Jakoben ondorengoei:
Jakoben herriak
ez du aurrerantzean
gehiago lotsarik izango,
ez zaio aurpegia gorrituko;
23 zeren, nik beraien artean
egingo dudana ikustean* 29,23 ikustean: Ondoren, beren umeak azaltzen da jatorrizkoan, baina hitzok egingo dudana-ren argibide dirudite.,
ni naizela Jakoben Jainko santua
aitortuko dute,
Israelen Jainko santu honi
begirune izango diote.
24 Burua galdurik zebiltzanak
adimenez jantziko dira,
protestari zirenek
ikasbidea onartuko dute.