← Aurrekoa Apokalipsia 5 Hurrengoa →

Zazpi zigiluz jotako liburua

1 Tronuan eseria dagoenaren eskuineko eskuan erroilu moduko idazki bat ikusi nuen, bi aldeetatik idatzia* 5,1 bi aldeetatik idatzia: Erroiluak barruko aldetik bakarrik idazten ziren; idazkiak Jainkoak historiaren gain duen asmo ezkutua du bere baitan idatzia, eta bi aldeetatik idatzia egoteak edukia betea eta erabatekoa dela adieraz dezake.eta zazpi zigiluz joa. 2 Eta aingeru ahaltsu bat ikusi nuen, ahots handiz hots egiten: «Nor da gauza liburua irekitzeko eta beraren zigiluak askatzeko?» 3 Eta ez zen inor ez zeruan, ez lurrean, ez lur azpian liburua ireki eta irakur zezakeenik. 4 Ni negar eta negar ari nintzen, liburua irekitzeko eta irakurtzeko inor ere agertu ez zelako. 5 Orduan, zaharretariko batek esan zidan: «Ez egin negarrik; hara, Judaren leinuko lehoiak, Daviden kimuak* 5,5 Judaren leinuko lehoia, Daviden kimua: Titulu mesianikoak dira, Kristori dagozkionak.eskuratu du garaipena, eta beronek irekiko ditu liburua eta zazpi zigiluak». 6 Orduan, tronuaren erdian eta lau izaki bizidunen eta zaharren erdian, Bildots bat ikusi nuen; zutik zegoen eta lepo eginaren ezaugarriak zituen; zazpi adar eta zazpi begi* 5,6 zutik eta lepo egina: Hain bitxia den irudi honekin Jesus hil eta piztua aurkezten du egileak. // zazpi adar eta zazpi begi: Adarrak indarra esan nahi du; begiak, jakintza eta ezagumena; zazpiak, bikaintasuna eta betetasuna.zituen, hau da, Jainkoak lur osora bidaliak dituen zazpi espirituak. 7 Hurbildu eta tronuan eseria dagoenaren eskuineko eskutik liburua hartu zuen. 8 Liburua hartu zuenean, lau izakiak eta hogeita lau zaharrak Bildotsaren aurrean ahuspeztu ziren. Zitara bana zuten eta intsentsuz beteriko urrezko ontziak, Jainkoarenak direnen otoitzen adierazgarri. 9 Eta kantu berri hau abesten zuten:
«Bazara nor liburua hartu
eta beronen zigiluak irekitzeko;
hila izan baitzara,
eta zeure heriotzaz
Jainkoarentzat irabazi dituzu* 5,9 irabazi dituzu: Eskuizkribu askok irabazi gaituzu dio.
arraza, hizkuntza, herri
eta nazio guztietako
gizon-emakumeak;
10 eta gure Jainkoarentzat
errege-herri eta apaiz egin dituzu,
eta lur osoan errege izango dira* 5,10 izango dira: Eskuizkribu askok izango gara dio.».
11 Gero, ikuskarian, tronu, izaki eta zaharren inguruan zeuden aingeru askoren ahotsa entzun nuen. Milaka eta milioika ziren, 12 eta ozenki zioten:
«Hila izan zen Bildotsa bada nor
ahalmena, aberastasunak,
jakinduria, indarra, ohorea, aintza
eta gorespena hartzeko».
13 Eta zeruan, lur gainean, lur azpian eta itsasoan dauden sorkari guztiei, hau esaten entzun nien:
«Tronuan eseria dagoenari
eta Bildotsari
gorespena, ohorea,
aintza eta agintaritza,
menderen mendetan».
14 Lau izaki bizidunek «Amen» erantzun zuten, eta zaharrek ahuspeztu eta gurtu egin zuten.