84. (83.) SALMOA

Jainkoarekin bizitzeko irrika. Erromes-kanta

1 Koru-zuzendariarentzat. «Dolareak» doinuan. Koreren semeen* 84,1 Koreren semeak: Ik. 42,1 oh.salmoa.
2 Bai maitagarria zure egoitza, Jaun ahalguztiduna!
3 Urtzen daukat barrena zure tenpluko atarien irrikaz.
Bihotza eta naizen guztia
poz-oihuz ari zait, oi Jainko, Jainko bizia.
4 Txolarreak badu etxea, bai enarak ere kumeentzat habia,
zure aldareen ondoan, Jaun ahalguztiduna,
ene errege eta ene Jainko!
5 Zorionekoak zure etxean bizi direnak, etengabe zu goresten!
6 Zorionekoak zuregan dutenak beren indarra
eta bihotz barruko konfiantza* 84,6 bihotz barruko konfiantza: Arameerazko itzulpenen arabera; hebreerazkoak eta bideak bihotzean dio, agian Jerusalemerako erromes-bideak adieraziz.!
7 Ibar lehorra igarotzean, iturburutik edaten dute:
lehen euriek ur-begiz baitute estaltzen* 84,7 Tx.eko testua iluna da eta itzulpena ez erabat segurua..
8 Gero eta kementsuago doaz, Jainkoa Sionen ikusi arte.
9 Jauna, Jainko ahalguztiduna, entzun nire otoitza,
makur belarria, Jakoben Jainkoa!
10 Oi Jainko, begira onez gure babeskiari,
zeuk aukeraturiko erregeari* 84,10 zeuk aukeraturiko erregea: Ik. 2,2 oh. Babeskia ere erregearen irudia da. Zenbaitek babeski hitza Jainkoarekin lotzen du (ik. 12. tx.)..
11 Hobe da egun bat zure atarietan
mila egun beste edonon baino;
nahiago dut zure tenpluko ate ondoan egon
gaiztoen etxapean bizi baino.
12 Bai, Jainko Jauna dugu eguzki eta babeski,
Jaunak egiten mesede eta ohore,
hark ez zoriona ukatzen prestu jokatzen dutenei.
13 Jaun ahalguztiduna, zorionekoa zuregan konfiantza duena!