64. (63.) SALMOA

Jainkoak iraintzaileak zigortu

1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Entzun, ene Jainko, nire kexa,
zaindu nire bizia etsai beldurgarriongandik.
3 Gorde nazazu makurren azpilanetik,
elkar hartu duten gaizkileengandik;
4 ezpata bezain zorrotza dute mihia,
geziak bailiran botatzen hitz pozoitsuak:
5 ezkututik jaurtitzen diote errugabeari,
bat-batean eta ezeren beldurrik gabe.
6 Gaitz egiteko elkar berotzen dute,
tranpa ezkutuak nola jarriko dabiltza,
esanez: «Nor konturatuko da?
7 Nork ikertuko gure makurkeria biribilak?»
Ikertzen ditu, bai,
gizakiaren barrena bihotz-hondoraino ikertzen duenak* 64,7 Tx.a zaila da eta itzulpen ezberdinak eman ohi dira..
8 Jainkoak geziak jaurti eta zauriz beteak dira bat-batean.
9 Beren mihia bihurtzen zaie erorbide,
eta begira daudenek irri dagite buru-keinuka.
10 Jende guztia beldurrak hartu du,
Jainkoaren egintzak iragartzen dituzte,
hark egina hausnartzen.
11 Alai bedi zintzoa Jaunarekin, babes bedi harengan
eta harro bitez horretaz bihotz zuzenekoak.