63. (62.) SALMOA

Jainkoaren irrikaz gau eta egun

1 Daviden salmoa. Judako basamortuan zegoenekoa.
2 Jainko, ene Jainko, lehia biziz nabilkizu bila,
zure egarri da nire barrena, zure irrika naizen guztia,
lur lehor, agor, urik gabea bezala* 63,2 urik gabea bezala: Hebreerazko zenbait eskuizkribu eta sirierazko itzulpenaren arabera; ohiko testuak urik gabean dio..
3 Egon nadila horrela santutegian zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
4 Bizia baino ederrago zure maitasuna!
Nire ahoak ospatuko zaitu;
5 bai, bizitza guztian bedeinkatuko zaitut,
zuri dei eginez altxatuko eskuak.
6 Jakirik gozoenez* 63,6 Jakirik gozoenez: H.h., Gantz eta olioz.bezala aseko naiz,
eta nire ezpainek poz-oihuka goretsiko zaituzte.
7 Gauez ohean zuregan dut gogoa,
zuri otoitzean igarotzen ditut orduak.
8 Bai, zu izan zaitut laguntzaile;
kantuz ariko naiz pozik zure hegalen itzalean.
9 Zuri itsatsia nago oso-osorik,
eta zure eskuinak eusten niri.
10 Nire hondamen bila dabiltzanak, ordea,
bihoaz lurpe sakonera!
11 Hil bitez ezpataz, bihur azerien janari!
12 Erregea Jainkoarekin poztuko da.
Haren izenarengatik* 63,12 Haren izenarengatik: Jainkoarena nahiz erregearena izan daiteke.zin egiten duena harro izango da;
gezurtiei, berriz, ahoa itxiko diete.