48. (47.) SALMOA

Sion mendiari eta Jainkoaren hiriari laudorioa

1 Kanta. Koreren semeen salmoa.
2 Handi da Jauna, guztiz goresgarri
gure Jainkoaren hirian, bere mendi santuan!
3 Muino eder, lur osoaren pozgarri!
Sion mendi, Jainkoaren egoitza* 48,3 Jainkoaren egoitza: Hebreerazkoak iparraldeko azken muga (ik. Is 14,13) edo Tzafonen erdigunea dio. Tzafon iparralde da normalki; baina kanaandar mitologian jainkoak biltzen zireneko mendia zen, iparraldean urruti kokatua, munduko tokirik sakratuena, beraz. Azken muga edo ertz hitzak erdigune edo zentro ere esan nahi du. Salmogileak kanaandar literaturak Tzafon mendiaz zioena Jerusalemgo Sion mendiari, Jainkoaren egoitzari, aplikatzen dio., errege handiaren hiri!
4 Bertako jauregien artean, gotorleku seguru ageri da Jainkoa.
5 Hara, erregeek elkar hartu zuten
eta denak batera haren aurka oldartu.
6 Baina Sion ikustean, izutu egin ziren
eta ihesi joan ikaraz.
7 Orduan, dardarak hartu zituen,
oinaze larriak, emakumea erdiminetan bezala,
8 ekialdeko haizeak ur handietako ontziak* 48,8 ur handietako ontziak: H.h., Tarsiseko ontziak, hau da, itsaso zabala zeharkatzen zuten ontziak (ik. Is 23,1).
puskatzen dituenean bezala.
9 Entzun izan duguna geuk ikusi dugu
Jaun ahalguztidunaren hirian, geure Jainkoaren hirian:
sendo ezarri duela Jainkoak betiko!
10 Oi Jainko, zure maitasuna gogoratzen dugu
zure tenpluaren erdian.
11 Zure omena bezala zure gorespena ere, oi Jainko,
mundu zabal osora iristen da.
Eskuzabal zara, Jauna, benetan!
12 Pozik da Sion mendia, poz-pozik Judako hiriak* 48,12 Judako hiriak: H.h., Judako alabak, hau da, herrialdeko hiriak.,
zure probidentzia dela eta.
13 Egizue Sionen jirabira, zenbatu bertako dorreak,
14 ikusi hango harresiak, ikertu jauregiak,
hurrengo gizaldiari esateko:
15 «Hauxe da gure Jainkoa, gure Jainkoa sekulako:
berak gidatuko gaitu beti* 48,15 beti: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazkoak zentzurik gabeko bi hitz dakartza.».