45. (44.) SALMOA

Eztei-kanta

1 Koru-zuzendariarentzat. «Liliak* 45,1 Liliak: Zenbaiten ustez, musika-tresna adierazten du hitzak. Agian hitz hau Kantarik Ederrena-ren eraginez sartu da hemen; salmoak badu, izan, kidetasunik Kt poemarekin. Salmoaren testua zaila da eta itzulpena gutxi gorabeherakoa zenbait puntutan» doinuan. Koreren semeen poema. Amodio-kanta.
2 Hitz ederrez barrua gainezka,
erregeari opa diot neure olerkia.
Idazle trebearen luma da nire mihia.
3 Gizasemeetan ederrena zara, ezpainetatik xarma darizu,
Jainkoak betidanik bedeinkatu baitzaitu!
4 Lotu gerrian ezpata, gudari ausart horrek,
zeure aintza eta ospea agertuz.
5 Zeure ospez, izan garaile egia eta justiziaren aldeko borrokan.
Jaurti zeure eskuaz
6 gezi zorrotz ikaragarri horiek:
herriak menpean jarriko zaizkizu,
erregearen etsaiak adoregabe geldituko.
7 Betiereko Jainkoak ezarri zaitu errege* 45,7 Betierekoa… errege: Grekozko itzulpenak honela dio: Zure tronua, oi Jainko, betierekoa.;
zure erregetza zuzentasun-erregetza.
8 Zuzen dena behar duzu maite, oker dena gorrotatu,
Jainkoak, zeure Jainkoak, baitzaitu gantzutu,
jai-giro pozgarrian, lagunen artean aukeraturik.
9 Mirra, aloe eta kanela usainezkoak zure jantziak,
harpa-soinua marfilezko jauregietan zure alaigarri.
10 Errege-alabak dituzu inguruan,
zure eskuinean erregina* 45,10 Lehen lerroaren esanahia eta itzulpena zalantzazkoak dira. // erregina: Jatorrizko hitza oso arraroa da; segur aski, erregina ama adierazten du (ik. 1 Erg 2,19)., urre finez apaindurik.
11 Entzun, alaba! Zaude erne eta adi!
Ahaztu zeure herria eta aitaren etxea.
12 Zoraturik dago erregea zure edertasunaz.
Bera da zure jaun; egiozu agur.
13 Tiro hiria* 45,13 Tiro hiria: H.h., Tiro alaba, hiriaren pertsonifikazio poetikoa; dena den, esanahia ez da segurua.erregaliekin datorkizu,
herriko handikiak zure abegi onaren bila.
14 Guztiz ospetsu dago printzesa,
urrez apain bordaturiko jantzitan.
15 Erregeagana daramate;
neskatxa gazteak, bere adiskideak, ondoren doazkio.
16 Jai-giro pozgarrian sartzen dira erregearen jauregira.
17 Gurasoen tronuan semeak jarriko dituzu
eta mundu osoaren agintari egingo.
18 Zure oroitzapena bizirik gordeko dut gizaldiz gizaldi,
eta herriek menderen mende goratuko zaituzte.