42. (41.) SALMOA

Jainkoarengandik urruti dagoenaren otoitza

1 Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen* 42,1 Sal 42 eta Sal 43, berez, salmo bat bakarra osatzen dute, bietan lelo berbera errepikatzen baita. // Koreren semeak: Koreren ondorengoak (ik. Zen 16 eta Zen 26,11) tenpluko zaindari (1 Kro 26,1) eta kantari (1 Kro 6,22) bihurtu ziren. Beraien izenpean jartzen dira 42–49, 84–85 eta 87–88 Salmoak.poema.
2 Basahuntza irrikaz errekara bezala,
halaxe ni zuregana, ene Jainko.
3 Jainkoaren egarri naiz, Jainko biziaren egarri:
noiz iritsiko ni Jainkoaren aurpegia ikustera?
4 Gau eta egun malkoak ditut janari,
jendea uneoro galdezka ari zaidala: «Non duk Jainkoa?»
5 Bihotza urtzen zait barruan, gogora ekarriz
nola joaten nintzen tenplura, Jainkoaren etxera* 42,5 joaten nintzen tenplura, Jainkoaren etxera: Jatorrizko testua iluna da.,
poz-oihuz eta gora-goraka, jai-giroan jendetzaren artean.
6 Zergatik zaude, ene barrena, hain goibel?
Zergatik hain urduri? Itxaron Jainkoarengan!
Goretsiko dut, bai, berriz ere, haren presentzia salbatzailea.
7 Ene Jainko, triste dut bihotza;
horregatik zakartzat gogora
Jordan aldetik, Hermon gainetik, Mitzar menditik* 42,7 Mitzar mendi: Hau da, mendi txiki; baina esanahia ez da segurua..
8 Zure ur-jauzien burrunbadaren oihartzuna leizerik leize:
zure uhin eta olatu oldartsuak gainetik igaro zaizkit.
9 Jaunak bere maitasuna bidaliko dit egunez
eta gorespen eta otoitz egingo diot gauez
nire bizia den Jainkoari.
10 Hauxe esango diot: «Ene haitz, zergatik ahaztu nauzu?
Zergatik behar dut goibel ibili, etsaiak estuturik?»
11 Hezurrak ere mailatuak ditut, etsaiek iseka egiten didate,
etengabe ari zaizkidala: «Non duk Jainkoa?»
12 Zergatik zaude, ene barrena, hain goibel?
Zergatik hain urduri? Itxaron Jainkoarengan!
Goretsiko dut, bai, berriz ere, haren presentzia salbatzailea.