40. (39.) SALMOA

Salbazioa jendaurrean iragarri. Laguntza eske oihu larria

1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Jaunarengan jarria nuen itxaropen guztia:
makurtu eta entzun du nire deiadarra.
3 Herio Leize sakonetik nau atera.
Haitz gainean tinko jarri ditu nire oinak,
seguruak egin nire pausoak.
4 Kantu berria ipini dit ezpainetan,
gure Jainkoarentzat gorespen-kanta.
Askok ikusiko dute hau eta, ikaraturik,
Jaunarengan konfiantza izango.
5 Zorionekoa Jaunarengan fidatzen dena,
idolo eta sasijainkoetara jotzen ez duena* 40,5 idolo… duena: Itzulpena ez da segurua; honela ere itzuli ohi da: gezurraren atzetik dabiltzan harroputzengana jotzen ez duena.!
6 Jauna, ene Jainko, bai ugari egin dituzula mirariak!
Zenbat egitasmo gure alde! Ez da zure parekorik!
Aldarrikatu nahi ditut eta hots egin,
baina konta ahala baino gehiago dira.
7 Ez duzu nahi izan sakrifizio eta eskaintzarik,
ez erre-opari, ez bekatuen barkamen-oparirik;
baizik eta belarriak ireki* 40,7 belarriak ireki: Grekozko itzulpenak gorputza eratu dio, eta hori da Heb 10,5 tx.ean aipatzen den testua.dizkidazu, zuri entzuteko.
8 Horregatik diot: «Hemen nauzu».
Liburuan agintzen zait* 40,8 Liburuan agintzen zait: H.h., Liburuaren erroiluan nitaz/niretzat idatzia dago (ik. 2 Erg 22,13).
9 zure nahia betetzeko.
Ene Jainko, atsegin dut zure legea neure barne-muinetan.
10 Batzar nagusian iragarri dut zure salbazioa,
ez ditut ezpainak itxi, ongi dakizu, Jauna!
11 Zure salbazioa ez dut kolkorako gorde,
zure leialtasun eta salbamenaren berri eman dut,
zure maitasun eta fintasuna ez ditut
batzar nagusian isildu.
12 Jauna, ez ukatu niri zeure errukia!
Zure maitasun eta leialtasunak gorde nazatela beti!
13 Ezin konta ahalako zoritxarretan murgildua nago.
Neure erruek inguratua naukate, ihesbiderik gabe:
ezin ditut denak ikusi ere egin!
Buruko ileak baino ugariago dira, bihozgabeturik nago.
14 Jauna, zatoz agudo ni askatzera!
Jauna, zatoz laster laguntzera!
15 Lotsa gorritan geldi bitez, denak batera,
ni hil nahian dabiltzanak!
Atzera egin bezate, barregarri, zoritxarra opa didatenek!
16 Lotsaz nahasturik geldi bitez burla egiten didatenak!
17 Poz eta alai bitez zurekin zuregana jotzen dutenak!
«Handia da Jauna!», esan bezate etengabe
zure salbamena maite dutenek!
18 Behartsu eta dohakabe naiz, baina Jauna da nitaz arduratzen.
Zu zara nire laguntzaile eta askatzaile, ene Jainko, ez luza!