32. (31.) SALMOA

Bekatuak aitortzeko deia

1 Daviden poema.
Zoriontsua Jainkoak hobena kendu eta bekatua barkatu diona!
2 Zoriontsua Jaunak errurik egozten ez diona
eta bere barruan makurkeriarik ez duena!
3 Isilik egon nintzen bitartean,
jota nuen gorputza, egun osoan aieneka.
4 Gau eta egun gainean nuen zure esku gogorra,
indarrak makaltzen ari zitzaizkidan, udako sargoritan bezala* 32,4 Tx.eko testua iluna da jatorrizkoan..
5 Orduan, aitortu nizun bekatua, ez nizun gorde errua.
Hobenak zuri aitortzea erabaki nuen, Jauna,
eta barkatu zenizkidan erru eta bekatuak.
6 Otoitz egin biezazu, beraz, fededunak, larri denean* 32,6 larri denean: Testu zuzendua; hebreerazkoa ulergaitza da: aurkitzeko unean. Grekozko itzulpenak, berriz, une egokian dio.:
uholde handia izanik ere, ez du harrapatuko.
7 Zu niretzat babesleku: arriskutik gordetzen nauzu,
askapen-kantaz inguratzen.
8 «Irakatsi egingo dizut eta jarraibidea erakutsiko;
aholku emango dizut eta zure ardura izango.
9 Ez izan zaldi eta mando adimengabeen antzeko:
galgaz eta ahokoz eutsi behar zaio haien indarrari;
bestela, ezin zara hurbildu».
10 Gaiztoentzat oinaze ugari;
Jaunarengan konfiantza duena, berriz,
haren maitasunak inguratzen.
11 Poztu eta alaitu Jaunarekin, zintzoak!
Egin poz-oihu, bihotz zuzeneko guztiok!