1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
32
33
34
35
36
37
38
39
40
41
42
43
44
45
46
47
48
49
50
51
52
53
54
55
56
57
58
59
60
61
62
63
64
65
66
67
68
69
70
71
72
73
74
75
76
77
78
79
80
81
82
83
84
85
86
87
88
89
90
91
92
93
94
95
96
97
98
99
100
101
102
103
104
105
106
107
108
109
110
111
112
113
114
115
116
117
118
119
120
121
122
123
124
125
126
127
128
129
130
131
132
133
134
135
136
137
138
139
140
141
142
143
144
145
146
147
148
149
150
31. (30.) SALMOA
Uste oneko otoitza probaldian
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.2 Jauna, zuregan dut babesa:
ez dakidala inoiz neure ustea huts gerta!
Zuzena baitzara, atera nazazu onik.
3 Entzun, arren, niri! Libra nazazu, ez luza!
Izan zakizkit harkaitz babesle, gaztelu salbatzaile.
4 Zu zara, izan ere, nire haitz eta gotorleku.
Eraman nazazu eta gidatu, zarena zarelako.
5 Atera nazazu jarri didaten tranpatik,
zu baitzaitut gotorleku.
6 Zure eskuetan jartzen dut bizia:
aska nazazu, Jauna, Jainko leiala!
7 Gorroto ditut sasijainkozaleak;
nik Jaunarengan konfiantza.
8 Pozaren pozez jauzi egingo dut zure maitasunagatik,
ikusi baituzu nire atsekabea, arduratu baitzara nire larrialdiaz,
9 ez nauzu utzi etsaiaren eskuetan, lasaialdia eman didazu.
10 Erruki, Jauna, larri naiz eta:
saminaren saminez erretzen dauzkat
begiak, eztarria, gorputz osoa.
11 Bizitza tristuraz akitzen ari zait, urteak negarrez doazkit.
Minaren minez, indarrak galtzen ari zaizkit, hezurrak hausten.
12 Iseka egiten didate etsaiek; areago, neure auzokoek.
Beldurra ematen diet adiskideei: ni kalean ikustean, ihesi doaz.
13 Ahaztua naute erabat, hildakoa bezala,
alferreko tresna bainintzan.
14 Jendearen marmarra entzuten dut, izu-ikara edonondik.
Denek nire aurka elkar hartu dute, niri bizia nola kenduko.
15 Baina nik, Jauna, zuregan dut konfiantza
eta etengabe diotsut: «Zu nire Jainko».
16 Zure eskuetan nire zoria:
libra nazazu pertsegitzen nauten etsaiongandik!
17 Erakutsi aurpegi argia zerbitzari honi,
salba nazazu zeure maitasunaz.
18 Jauna, zuri dei egitean, ez dakidala neure ustea huts gerta!
Huts egin biezaie, ordea, beren usteak gaiztoei,
gal bitez Herio Leizeko isilpean!
19 Geldi bitez mutu ezpain gezurtiak,
zintzoaren aurka ari baitira jardunean
lotsagabe, harrokeriaz eta mespretxuz.
20 Bai handiak, Jauna, begirune dizutenentzat
gordeak dituzun ondasunak!
Denen bistan ematen dizkiezu zuregan babesa dutenei.
21 Zeure begiradapean gordetzen dituzu,
giza azpikerietatik urrun.
Zeure gerizpean babesten dituzu, borroka eta liskarretatik urrun.
22 Bedeinkatua Jauna, mirariak egin baitizkit haren maitasunak,
estualdian nengoela* 31,22 estualdian nengoela: H.h., hiri setiatuan; baina honela ere itzul daiteke: hiri gotortutik; hau Jainkoaren egoitzaren adierazpen poetikoa litzateke..
23 Ikararen ikaraz, hau pentsatu nuen:
«Bere begi-bistatik bota egin nau Jaunak».
Zuk, ordea, entzun zenuen nire erregua,
laguntza eske deiadar egin nizunean.
24 Maita ezazue Jauna, haren fededun guztiok!
Leial zaizkionak Jaunak babesten ditu,
harroei, berriz, ordain gogorra ematen.
25 Eutsi sendo, izan bihotz, Jaunarengan itxaron duzuenok!