24. (23.) SALMOA

Tenplu aurreko liturgi elkarrizketa

1 Daviden salmoa.
Jaunarena da lurra eta bertan dagoena,
mundua eta bertan bizi direnak;
2 berak ezarri baitzuen sendo itsasoen gainean,
lur azpiko ur-lasterren gainean.
3 Nor igo Jaunaren mendira?
Nor egon hark sagaraturiko tokian?
4 Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena,
gezurrezko jainkoetara jotzen ez duena,
engainatzeko zinik egiten ez duena.
5 Horrelakoa bedeinkatuko du Jaunak,
justizia egingo dio Jainko salbatzaileak.
6 Horiek dira haren bila saiatzen direnak,
Jakoben Jainkoa aurkitu nahi dutenak.
7 Ateak, zabal zaitezte!
Antzinako ateak, zaudete zabalik,
badator-eta erregea, aintzaz betea!
8 Nor da aintzaz beteriko errege hori?
Jauna da, indartsu eta ahaltsua,
Jauna, guduan ahaltsua!
9 Ateak, zabal zaitezte!
Antzinako ateak, zaudete zabalik,
badator-eta erregea, aintzaz betea!
10 Nor da aintzaz beteriko errege hori?
Jaun ahalguztiduna,
bera da aintzaz beteriko erregea!